Urumea gaineko lehen zubia da, hirirako lehen sarrera. Antzina beste zubi bat egon zen gaur egun hau dagoen tokian, baina 1813an desegin egin zuten hura. Zubi zaharrak zurezko egitura izango zuen seguruenik, eta izena harresietatik at zeuden eliza zaharrari eta auzoari zor zion. 1819an Ugartemendíak zurezko zubi berri bat eraiki zuen, eta haren ondoren beste bat ere izan zen, Mariano J. de Lascurain arkitektoak 1836an proiektatua.
Hiriaren hazkunde bizkorra zela eta, zubi berri bat eraiki behar izan zen. Antonio Cortázar arkitektoak egin zuen proiektua 1869an, estilo neoklasikoan, eta 1872ko ekainean inauguratu zen zubia. Jatorrian 12 m-ko zabalera zuen, eta bost arku begi. Ibaia bideratu eta Frantziako Pasealekua moldatu zenean begi bat kendu zitzaion ordea. Zubiaren oinarriak pilotaje bidez ezarri ziren, eta hormigoizko gangez, harlanduez eta eskuharrizko zubi bularrez eraiki zen. Kolore arrosa zuten tinpanoek eta grisa inpostek, zubi bularrek eta horma bularrek.
1924an Juan Machimbarrena ingeniariak zubia 25 m-ra zabaltzeko proiektu bat egin zuen, jatorrizko itxura mantenduz eta material berberak erabiliz halere, alegia Mutrikuko harlandu, Ereñoko kareharri gorriz eta marmol gorriz.
Ur kolektore berria eraiki zenean, 1978an, berriro zabaldu behar izan zen zubia. Aldaketak aldaketa, ordea, jatorrizko konpozisioa mantendu du oro har.
cerrar