1876an, bigarren gerra karlista amaitu eta gero, harresiak eraitsita eta zabalgunea abian, ohartu ziren hiriak Urgull mendia paseatzeko toki bihur zezakeela. Horretarako, Donostian gelditzen ziren instalazio militar guztiak kendu behar ziren. Harresietako eta inguruko lurra eskuratzeko armadarekin egindako lur trukaketa gogoan, Udalak pentsatu zuen Urgull mendia ere eskuratu zezakeela, hango eraikin eta bideekin batera.
Udalerriak 1884an ekin zien negoziazioei. Baina proiektua 1912a arte ez zen abiarazi. Izan ere, urte hartan onartutako lege bati esker, Urgull mendia eta Armadak mendiaren oinetan, Abuztuaren 31ko kalean, zituen jabetzak enkante publikoan saldu ahal izan ziren. Hasierako prezioa 3.271.876 pezetakoa izan zen. Enkantea ez zitzaion inori esleitu eta berriro egin zen 1913an, baina emaitza bera izan zuen. Azkenik, 1914an, baimena eman zitzaion Udalari erabilera publikoko pasealeku bat egiteko, 15 m zabal, itsaso aldetik mendia inguratuko zuena. Hala, hiriak lortu zuen udako beste pasealeku bat izatea, mendi osoaren jabetza eskuratu behar izan gabe.
Proiektua Juan Alday udal arkitektoak egin zuen, Luis Balanzat udal obretako ingeniariarekin batera. 15 m zabal zituen pasealeku bat zen, galtzada eta bi espaloi zituena. Ez zen inoiz hartu komunikazio bidetzat, hasieratik bertatik aisialdirako eta jolaserako esparrutzat jo zen eta. Hori dela eta, trazatua egiteko orduan kontuan hartu behar zen, batez ere, tokiak ikuspegi ederrak izatea, jendeak bertan paseatzea atsegin izateko, inolako gogoeta praktikok ideia horri traba egin gabe. Hiriarentzako luxu bat bezala irudikatu zen, eta hala ekin zitzaion eraikitzeari.
Bi proiektu idatzi ziren eta, azkenean, haien zatirik errazena gauzatu zen; eta kezka gehien ematen zuen arazoari, hau da, kaiarekiko lotura eta kota aldeari, irtenbide azkar eta inprobisatua eman zitzaion. Azkenean, pasealekuak 1.500 metro inguruko luzera izango zuen: Salamanca pasealekutik kai ingururaino. Puntu hartan zubibide bat egin nahi zen kasinoraino, baina, azkenean, ibilbide berria Urgulleko Apaizen pasealekuaren hasierarekin lotu zen. Horrela, ez zen beharrezkoa izan zubibidea egitea ─oso-oso garestia izango zen─ eta bizitasun handiagoa eman zitzaion mendiko ibilbide sareari.
1919an hirugarren tartea inauguratu zen eta “Asturiasko Printzea” izena eman zitzaion pasealekuari. 1921ean, Udalak Urgull mendiaren jabetza eskuratu zuen, 1.500.000 pezetaren truke.
2013, Azpiri, A.
cerrar