Plaza berria aurrekoaren arrastoen gainean eraiki zen bigarrenez. Hércules Torrelli ingeniari militarraren proiektuan oinarritzen zen hura; 1689koa zen, eta 1813ko sutearekin desagertu zen, ingeles gudarosteen setioan.
Behin betiko plaza Pedro Manuel de Ugartemendíaren bigarren proiektuaren arabera (1815) eraiki zen. Hiriaren lehen berregite proiekturako plaza zaharrarekin zerikusirik ez zuen eskema bat aurkeztu zuen Ugartemendiak; eskema hartan gauza interesgarriena plaza oktogonala zen, etxe sailen sarearekin erradio bidez lotzen zena, itsasoaz bestaldeko kolonietara ere eraman ziren XVIII. mendeko Aragoiko eta Andaluziako plaza nagusi batzuen ereduaren arabera. Proiektu hori ordea ezin izan zen gauzatu, jatorrizko ezaugarriekin bat ez zetorrelako.
Plaza berriaren eraikuntza Ugartemendía eta Alejo de Mirandari zor zaie, eta 1817 eta 1824 artean egin zen. Plaza nagusiaren eskeman oinarritzen da, eta etxebizitzen fatxaden ordenamendu baterakorrak antzinako Udaletxea inguratzen du, eraikin hori nabarmentzen dela plazaren osotasunean. Fatxaden konposizio uniformea kontuan hartzen zuen proiektuak, eta, oinaren antolamenduari zegokionez, patioak antolatu eta etxe sailen neurriak arautu zituen. Fatxadek behe solairu bat dute, eta solairuarteko bat, arkupeetan daudenak biak, hiru solairu balkoi kurrituekin, eta estalkipeko espazioa. Aterpeetako arkuak bakarrik luzatzen dira plazako lau izkinetara.
Neoklasiko honen irudi soilak badu nolabait ere zerikusirik Parte Zaharreko eraikuntzek gordetzen duten homogeneotasunarekin. Ugartemendíak forma, dimentsio eta kanpoaldeko materialei buruzko ordenantza komunak ezarri zituenean lortu zen homogeneotasun hori.
Ordenantza horiek zokaloak, inpostak, husguneak, teilatu hegalak, erlaitzak, zorrotenak etab. hartzen dituzte kontuan.
Plaza berriaren eraikuntzak kaltetzen zituen jabeei laguntzeko, balkoi kurrituen eraikuntzan parte hartu zuen Udalak, eta "zezenetako balkoi"aren alokatzea erregulatu zuen; horien zenbakia agertzen da oraindik ere balkoien leiho buruetan.
cerrar