1813-1864 Donostia 1813 aurretik eta ostean
XIX. mendearen hastapenetan, Donostia goarnizio militarra duen hiri harresitua da, eta 10.000 bat biztanle ditu. Hiriguneak gaur “Alde Zaharra” dagoen eremua hartzen du, portuaren eta egungo Bulebarraren artean. Harresi sendo batek agerian uzten du defentsa leku bat dela.
1800. urteko Donostiako kaleetan barrena ibiltzean, atentzioa ematen du eraikinen askotarikotasunak. Hiru solairu dituen auzokoen etxe bat, behean saltoki bat duela,zurezko teilatu hegal handi bat duen harrizko jauregitxo baten aldamenean; haren ondoan, aurrealde oso estua duen zurezko eraikuntza bat, solairu bakarrekoa, eta aldamenean, taberna behean duen ostatu bat, bi solairukoa... Hainbat altuera dituzten eraikinak, bi metro zabal diren aurrealdeak, baita etxadi erdia hartzen dutenak ere.
Eta harlanduz eraiki dira, edo adreiluz, edo zurez, edo hirurak batera erabiliz. Izan ere, ia eraikin guztiek zurezko barne egitura bat dute, eta goialdean, habe handiz eginiko estalkia eta haren kanpoaldea, teilez jantzia. Harresiak era askotako 625 etxe pilatzen ditu.
1808. urtean, frantsesek bakez okupatu zuten hiria, eta urte batzuez bizikidetza bideragarria izan zen. Egoera aldatu zenean, eta Napoleon adiskide izateari utzi eta arerio bihurtu, eta ingelesak arerio izateari utzi eta aliatu bihurtu zirenean, hondamena iritsi zen. Hiriaren berreskuratzea ingeles-portugaldar osteen esku gelditu zen, eta birkonkista operazioa zazpi egun eta erdi iraun zuen hiriaren suntsitze eta arpilatze sistematiko bilakatu zen.
Suak itzaltzean, gaur egun Abuztuaren 31 deritzon kalean 35 etxe soilik gelditu dira zutik, hain zuzen ere gertatuaren oroitzapenez. Elizek eta komentuek ere zutik iraun dute, biltegi, erietxe eta behin-behineko ostatu gisa erabili baitziren. Gainerako hiria kea darion hondakindegia da. Suteak seiehun bat etxe txikitu ditu, eta, gainera, donostiarrek sutean haien ondasunak egiaztatzen zituzten agiri guztiak galdu dituzte. Jabetza eskriturak, enpresetako partaidetzak eta zeinahi motatako kontratuak erre egin dira. Hiritarrek elkarrenganako duten konfiantza oinarri sendoa izango da nor bere jabetzaren eta aberastasunaren mapa zehatza atzera marraztu ahal izateko.
Irailaren 8an, txikizioa amaitu berri dela, eta hirian, kanpalekuetan edo ahal den moduan babes hartuta bizi diren 300 biztanle besterik ez dituela, Zubietan, alkateak, sindikuak eta auzoko garrantzitsuak elkartzen dira. Han ezartzen dituzte hiria berreraikitzeko erabakia hartzeko oinarriak. Halaber, erabaki egiten dute Wellingtoni kalte-ordaina eskatzea. Ingelesek ez diete kexakizunei jaramonik egiten. Ez da babes ekonomikorik izango, beraz. Merkatariek antolatu egin behar dute funtsak elkarri maileguz uzteko edo inguruko jabegoak saltzeko, beste hiri edo herrietan gelditzen zaizkien negozioetatik eskudirua iristen zaien arte. Bizkor jarduteak duen garrantziaz jakitun, 1813an jadanik osatuta dute berreraikuntza kudeatuko duen Lanen Batzordea. Lehen bilera egin eta lau egun igaro ondoren, Batzarrak Pedro Manuel de Ugartemendiari eskatzen dio Donostia berreraikitzeko plano bat marraz dezan.
1813an, Ugartemendia ingeniari militar bat da, gotorlekuetan eta hainbat motatako ingeniaritza lanetan espezialista den soldadua; horretaz gainera, San Fernandoko Akademian ikasketak osatua da, eta arkitekto titulua ere lortua du. Borboien lurralde antolamenduaren politikarako plangintzak gauzatzeko ardura zuen profesional talde bereziko kide da.
Pedro Manuel de Ugartemendia garaiko arkitekto bikainetako baten ikasle onenetako bat zen, Silvestre Perez. 1810eko hamarkada eman zuen euskal lurraldean lan eginkizunetan. Elizak, espetxe bat eta hainbat lan zibil diseinatu zituen, baita abesbatza aulkiteria bat ere. 1813an, Lanen Batzordeak Donostiarentzat Plan bat egin dezan eskatzen dionean, San Fernandoko Akademiaren eta, hedaduraz, Koroaren oniritziarekin, gipuzkoar lurraldean proiektu ofizialez arduratzen den arkitektoa izateko hautatzen du.
















































































































































































