Udal liburutegia
Silvestre Pérez, 1819

Antzinako Udaletxea zena 1819an diseinatu zuen Madrilen Bonaparteren arkitekto izana zen Silvestre Pérezek. Ventura Rodríguezekin ikasia zen Silvestre Pérez, eta Erroman bizitua geroago; Napoleonekin lanean hasi aurretik Mutrikuko elizaren proiektua egin zuen.

Eraikuntza hau bere arku sailen jarraipenaren bitartez lotzen zaie Konstituzio Plazako fatxadei. Gai nagusia goiko gorputzean du, hartan ordena toskanar erraldoia ageri dela; husguneen planoa baino aurrerago daude habeak, halako zorroztasun bat duen estilo neoklasiko baten baitan. Atzeko fatxadak erdialdean du gai nagusia, eskaileraren garrantziarekin zuzenean lotua. Eskailera, XVIII. mendeko udaletxe askotan bezala, atzeko parteraino heltzen da lehen solairuan, aurreko partera, parte nagusira alegia, heltzeko gero.

Aipagarria da fatxadaren eraikuntza, hareharri eta kararrizko harlanduzkoa; orobat, aipagarriak dira kanpoko zoladura eta atarira sartzeko mailak, hala nola sotoko sabaia, gangez osatua, sarrera eskailera nagusiaren pean dutela. Pedro Miguel de Ugartemendíak egin zuen obra 1828 eta 1832 artean, Silvestre Pérez 1825ean hil ondoren, eta bi gauza aldatu zituen jatorrizko bigarren diseinuan, fatxadaren errematea bat eta eskaileraren barrutia bestea.

Urteak pasa ahala, sarritan berritu da eraikinaren barnealdea; hala, 1876an egin zen lehen berriztatze proiektua, José de Goicoa arkitektoak aurkeztu zuena: errege gelen sortzea alegia. 1895ean Goicoa bera arduratu zen barneko areto eta geletan hainbat aldaketa egiteaz, eta eskailera txiki bat eraiki zuen, eskailera nagusian lehen solairutik bigarrenera zihoazen parteak ezabatuz, bilera areto berri bat lortzeko. Bi urte geroago kendu zuten solairuartea, eta 1924an Juan Rafael Alday arkitektoak azken solairua handitzeko obrak egin zituen.

cerrar