Santa Maria basilika
Pedro Ignacio de Lizardi, Miguel de Salezan, Ignacio de Ibero eta Domingo de Yarza, 1743

Oinaren traza Pedro Ignacio de Lizardiri eta Miguel de Salezani dagokie, eta altxaerak Ignacio de Iberori zor zaizkio, lehenago beste diseinu batzuk aurkeztu ziren arren; horien artean zegoen Domingo de Yarza aragoitarrarena, eta haren eragina antzematen da, azken diseinua Yarzak berak egindako beste lanekin alderatzen baldin bada, hala nola 1735ean egin zuen Alcañizko kolejiatarekin.

Basilikaren eraikuntza 1743an hasi zen Ignacio de Iberoren zuzendaritzapean, eta José de Lizardi, Pedro Ignacio Lizardi, Juan Bautista de Inchauraniaga, Martín Sarobe eta Francisco de Iberok bukatu zituzten obrak. Inaugurazio ofiziala 1774koa da, eliza 1750ean sagaratu zuten arren.

Leihotik leihora, leku zabalenean, 55,5 x 32,7 m-ko neurriak ditu. Barneko erlaitzaren garaiera 13,8 m-koa da, eta gangen erdiko giltzarriena 24,0 m-koa. Elizak areto oina du, Gipuzkoako probintziako eliza askok bezala, eta alde txikia dago albo nabeen eta erdikoaren artean. Gangak sei pilare oktogonal barkarturen eta hormari atxikitako hamalau pilareren gainean oinarritzen dira; hamalau horiek irtenune handia dute, eta irtenune horien artean sortzen dira alboko aldareen espazioak. Erdiko pilareak gangen gainetik luzatzen dira, estalkiaren egurrezko egitura jasotzeko. Oinak hiru nabe ditu, bakoitzak lau parte dituela, eta gurutzeriazko gangez daude estaliak, erdikoa izan ezik, ganga ebaki nerbioduna dena. Gangak mugatzen dituzten epai arkuek pilareen moldura mota bera dute, nerbioak hareharrizko harlanduzkoak dira, eta plementeria tufarrizkoa da.

Zeharkako lau lerroetatik txikiena korukoa da, eta ate nagusikoa handiena; ate hori nabarmentzen da halaber kanpoko aldetik, horma-hobi forma baitu, alboetan bi dorre dituela, hiru gorputzekoak eta kupula esferikaz burutuak. Ataurrea barneratua da; abside oina du, apur bat aurrerantz egiten duena, hiruki batez burutua goian, eta erretaula nagusia balitz bezala dago antolatua, bertako horma-hobietan Ama Birjina eta San Sebastian daudelarik.

Handitasun nabarmeneko multzo bat da, Berpizkunde barrokokoa, estilo churriguerescoko ezaugarri batzuk ere badituena; esanahi urbano handia du perspektiba abiapuntu gisa, Artzain Onaren Katedralaren parez pare gertatzen baita, kale nagusiaren bestaldean.

SESÉ, L.: “ Guía de Arquitectura de San Sebastián”, COAVN, 1997, Donostia.

cerrar