San Telmo Museoa
Fray Martín de Santiago, 1542

Gaurko San Telmo Museoa domingotarren monasterioa izan zen antzina. XVI. mendearen hasieran iritsi ziren domingotarrak Donostiara, eta 1539an eraiki zuten beren egoitza. Babesle izan ziren Alonso de Idiáquez, Karlos I.aren Estatuko Idazkaria, eta haren emaztea, Gracia de Olázabal andrea.

Eraikinaren lehen trazak Fray Martín de Santiagok marraztu zituen 1542ko maiatzean. Beste komentuen proiektuak ere egina zen Santiago, hala adibidez Salamankako San Estebango Komentua. Proiektuan sartzen ziren komentua bere elizarekin, galeria zabal bat eta sakristia erraldoi bat, eliz atariaren bitartez klaustroarekin lotzen zena.

1544an hasi ziren eraikuntza lanak, oso motel ordea, eta jatorrizko proiektua asko txikitu zuten aldaketa garrantzitsuekin. Elizaren galeria ezabatu egin zen, sakristia kapitulu areto bihurtuta geratu zen, eta klaustroa berriz komentu eremuaren ardatz gisa utzi zuten. Egin ziren aldaketak ageri dituen kontratua 1547koa da. Aldi horretan Domingo de Aranzadi, Martín de Gorostiola, Domingo de Estala eta Martín de Axobin hargin maisuek parte hartu zuten lanetan. Alonso de Idiáquez hiltzean kontratua indargabetu egin zen, eta 1550ean kontratu berri bat izenpetu zen, Martín de Bulucua eta Martín de Sagarzola hargin maisuekin. Obrak ofizialki 1562an amaitu ziren, baina gauza txíki batzuk oraindik bukatu gabe.

Elizak abside poligonala du, gurutzeduraduna eta albo kaperekin, gurutzeria gangei eusten dieten zutabe sendoek banatua. Nabea 48 metro luze da, 10 zabal eta 20 garai. Aipagarriak dira José María Sert artista katalanak egindako frisoak, 1928an, Etnografia eta Arte Ederretako museoa izan zedin, Udalak monasterioa erosi zuenetik aurrera eginak. Kolore sepiako 784metroko mihiseek, urrezko xaflen gainean, hamar gertaera irudikatzen dituzte, eta horrez gainera San Telmori eta Donostiari eskainitako gai bat, antzinako erretaularen gainean. Multzoaren beste parte esanguratsuak hauek dira: eskailera nagusia, euskarri gabe eraikia, fatxada palatereskoa eta bi mailako klaustroa, Juan de Santistebanen lana lau aldetatik hirutan; laugarrena mende honetakoa da, Francisco Urcola arkitektoaren lana.

Nieto Sobejano arkitektoek egindako erreforma eta handitzearen ostean museoak ateak zabaltzen ditu berriz 2011an. Proiektu berriarekin, XVI.mendeko eraikina berriztu eta ondoan berri bat eraikitzen da, jatorrizko bolumenak errespetatuz eta antzinako eraikinarekin puntu zehatz batzuetan batzen delarik

cerrar