Bretxako merkatua
Antonio Cortázar, 1870

Eraikin azpimarragarria da bere barne espazioagatik eta, bereziki, bere fatxada nagusiagatik. Izan ere, fatxada horretan hainbat aldaketa egin badira ere, antolamendu argi eta fina mantendu du arkuetako eta pilare laukituetako ordena doriarreko irudietan, soilagoa albo fatxadetan. Estilo isabelinoko arkitektura neoklasikoan oinarrituriko eraikina da.

Antonio Cortázarrek eraiki zuen 1870ean. "U" forma du, eta patio zentral estali gabe bat du, Boulevardaren aurrez aurre, burdinazko hesi batez itxia. Garai hartan oso zabaldua zegoen burdinazko eta beirazko egitura handiak erabiltzeko ohitura, Parisko Les Hallesko eraikuntzaren tankera emateko. Cortázarrek, ordea, harlanduzko hormak eraikitzea proposatu zuen; hormek irekiuneak izango zituzten goialdean, azoka egurasteko eta argia sartzeko. Eraikinaren estalki gisa, berriz, metalezko egitura bat ezarri zuen. Frantziako estilo neoklasikoko negutegien kutsua ematen dio horrek, Orangeriesen kutsua, esaterako. Antzina itsasoaren pare­parean zegoen (Erregina Erregenteko multzoa eraikitzeke baitzen artean), eta horri esker ez zuen eguraste arazorik; gainera, burdinazko egitura erabili izanak garestitu egingo zukeen eraikuntza lanen kostua.

Azokaren bigarren eraikuntza aldia 1898an hasi zen, José de Goicoaren eskutik. Lan haietan zehar "U" formako eraikinaren patio zentralari estalkia ezarri zitzaion, eta horrela osatu zen eraikinaren naberik zabalena. Horrez gainera, beste zati bat erantsi zitzaion Boulevardera ematen duen fatxadari, eraikina ixteko; fatxadaren atal berri horretan oinarrizko eraikinaren aurrealdeetako konposizio irizpideak mantendu ziren, halere. Goicoari ez zitzaion egokia iruditzen fatxadaren goialdean estalki berria ikustea, eta arazo hori saihesteko erremate zentral bat jarri zuen erlaitzaren aurrealdean. Errematea ordena txiki batean egina da, boluta batzuek eusten diotela, eta erremate horretan dago erlojua.

Harrezkero hainbat aldaketa egin dira estalkietan eta barrunbeen itxituretan, eta atari berria ere erantsi zaio; aldaketa horiek direla eta, erabat galdu dira eraikinaren behinolako arkitektura ezaugarriak.

cerrar