San Bizenteko elizaren atzealdean dagoen eraikin isolatu bat da. Antzina inguru hartan ziren zenbait etxe bota ziren eskolak eraiki ahal izateko, Alde Zaharreko berrikuntza lanen planaren arabera. Ez dago inguruko etxe sailen maila berean lerrokaturik, eta etxearen "T" formako oina eskolako patioez inguraturik gelditzen da.
Proiektua José de Goicoak egin zuen 1901 ean; joera neoklasikoa nabarmena da, eta kutsu akademiko ageria duela esan daiteke, bai oinari eta bai fatxada nagusiari erreparatzen bazaio. Zurezko egitura du eta hormak kareharrizko eskuharriz eta hareharrizko harlanduz eginak dira.
Eraikinak masa eta astuntasun sentsazioa ematen du, bai ertzen definizioaren bidez eta bai hormaren eta husgunearen arteko proportzioaren bidez. Mailen artean goitik beherako gradazio bat ikus daiteke, eta gorputz nagusia nabarmentzen da, baina gorputz nagusiaren sekuentziak, pilare laukituen ordena batekin, ez du garaiera desberdintasunik erakusten eta antzekoak ditu leihoen irekiuneak. Garaiera berdintasuna erdialdean da bereziki nabarmena: dimentsio bera dute oinarriak eta goialdeko bi zutabe pareek. Goialdeko zutabe horiek, bestalde, frontoiez burutuak dira atikoan.
Eraikuntza honen barnealdean hainbat aldaketa egin zen 1912an Juan R. Aldayren eskutik.
SESÉ, L.: “ Guía de Arquitectura de San Sebastián”, COAVN, 1997, Donostia.
cerrar