Klub Nautikoa
José Manuel Aizpurua, Joaquin Labayen, 1929

Espainiako 1930eko hamarraldiko arkitektura arrazionalistaren erakusgarri aipagarrienetakoa da, José Manuel Aizpúrua eta Joaquín Labayen egileen maisu lana.

Klub zaharraren handitze lanetarako aurkezturiko proiektu batean oinarritua da. Lehenengo zirriborroak 1928ko azarokoak dira, eta eraikuntza lanak, berriz, 1929ko abuztuan amaitu ziren; eraikin zaharraren berrikuntza gauzatu zen azkenik. Hasierako etxeak behe solairu bat, antzina akuario batez osatua, eta haren gainean estalkia, terraza bat zuena, besterik ez zuen. Terrazan kaobaz estaliriko zurezko eraikin txiki bat zegoen, "bonboi ontzi" edo "karroza" deitzen ziotena, eta burdinezko egitura bat zuen, udan egitura oihalez estali eta terraza itzaletan gera zedin.

Gaur egungo eraikinak antzinako eskuharrizko hormak baliatu zituen; hasierakoaren zabalera mantendu zen, itsasaldiez babesteko husgune txikiekin, baina 21 m-tan luzatu zen, eta garaiera handiagoa eman zitzaion. Solairu nagusia hormigoiz eraiki zen, antzinako hormen gainean, eta bertan egokitu zen kluba, aretoak eta terrazak alegia, baina goi solairu berri bat eraiki zen, jatetxe bat zabaltzeko asmoarekin. Solairu nagusia pasealekutik metro bete gorago dago; pasealekutik bertatik igo daiteke hurrengo solairura ere, albo batetik; goiko solairua hegal erdizirkular batez burutua da branka aldean.

Klub Nautikoa da "arkitektura berria" izena eman zitzaion joeraren erakusgarri nagusietakoa, nahiz eta harrezkero oso berrikuntza kaskarrak egin izan zaizkion; arkitektura joera horren erreferentzia nagusietakoa itsas arkitektura zen. Hala, eraikin honek kaian ainguratuta dagoen itsasontzi baten itxura du, eta duen kokagunea da aproposena arkitektura arrazionalistako eraikin baten ezaugarrietarako (horizontaltasuna, terraza mailakatuak. leiho jarraituak, balaustrada eta eskaileretako forma arinak, hegalak, forma zirkularrak etab.). Aizpúrua "arkitektura berria" -ren jarraitzaile sutsu gisa nabarmendu zen, garaian garaiko arkitektura bat egitearen aldeko gisa alegia, eta garai hartan hirian zein motako eraikinak egiten ziren kontuan izanik, jarrera erabakia eta polemikoa azaldu zuen. Hogeita zazpi urte baino ez zituen bederatzi hilabetean egin zen lan hau amaitu zuenean.

Itsas arkitekturarekiko antzekotasunaren bidez bilatu zen Klub Nautikoaren eta 1923ko udan ateak itxi zituen Kasino Zaharraren egoitza eta gaur egun Udaletxearen egoitza den eraikinaren arteko estilo eta eskala harremana; izan ere, harreman hori askoz ere zailagoa gertatuko zatekeen "Iurrean" finkaturiko beste eraikin bat egin izanez gero. Alde batetik Kontxako Pasealekuaren errematea osatzen du, pasealekuari erantsita dagoela, beste ertzean Perlako multzoa dagoen bezala.

Barnealdeari dagokionez, berriz, behinolako dekorazioa ikus daiteke oraindik zenbait aretotan eta tabernan, eta tankera dotorea ematen dio material bikainen konbinazioak (zura, altzairua eta larrua). Bestalde ordea, antzinako altzarien eta fatxadako zenbait osagairen falta ikusten da, diseinu arrazionalistei hobekiago egokitzen zitzaizkien leiho ardazdunena adibidez.

Geroago lehiaketetan eta hainbat egitasmotan ere parte hartu zuen Aizpúruak, eta 1935ean auzo etxe bat eraiki zuen Hondarribian; erakin hori da, Club Náuticoarekin batera, egile honek burutu zuen lan bakarra, zenbait eraikinen barnealderako egin zituen lanak eta diseinuak ahaztu gabe. Aizpúrua espetxeratu egin zuten 1936ko martxoan, eta irailean fusilatu, hogeita hamahiru urte zituela.

SESÉ, l.: “Guía de arquitectura de San Sebastián”, coaVn, 1997, Donostia.<7p>

cerrar