“200 urteko hiria” erakusketa denboran barrena eginiko ibilaldi bat da, azken 200 urteetako Donostiaren hirigintza marrazten duena. Hiriaren erretze, suntsitze eta berreraikitzearen Bigarren Mendeurrenaren baitan sortutako erakusketa bat da, Hirigintza Zuzendaritzaren, Donostia Kulturaren eta San Telmo Museoaren ekimenez antolatua, MUY diseño&arquitectura estudioaren, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Gipuzkoako ordezkaritzaren eta Etxegintzaren laguntzarekin.
Erakunde, elkarte eta ikasle ugari bildu dituen proiektu bat da, Bigarren Mendeurrenaren 12. mugarria, hain justu. 2013ko azaroaren 12tik abenduaren 8ra bitartean San Telmo Museoko Laborategi aretoan ikusgai egon zen erakusketak Donostiako hainbat elementu arkitektoniko eta urbano deskribatzen ditu, eta bereziki erreparatzen dio hiriko Alde Zaharrari.
Hiru dira “200 urteko hiria” erakusketaren elementu nagusiak: denbora lerroa, deskribapen arkitektonikoa eta ikus-entzunezko edukia. Hiru elementuok Donostiak izan duen bilakaera erakusten dute, 1813an Gerra Napoleonikoen testuinguruan suntsitua izan zenetik gaurdaino.
Denbora lerroa: hirigintza azalpena
Hirigintza arloko gertakariak ordena kronologikoan aipatzen dira, era konpositiboan antolatuak. Horrela, denboraren joanaren ideia grafikoki eta bisualki nabarmentzen da, aretoko hormetan aurrera egin ahala.
Erakusketaren kontakizuna, beraz, plano eta argazki historikoek eta tartekatutako testuek osatzen dituzten mosaikoen bitartez egituratzen da.
Gainera, hiriaren eraikuntza ideia nabarmentzeko, aretoa alderik alde hartzen duen mahai batean, Donostiako eraikin enblematikoenenen eraikuntza lanen argazkiak ipini dira. 200 urteko kontakizunak sarrera eta lau atal edo etapa ditu, hiriaren hirigintza historiaren lau aldiri dagozkienak. Honako hauek dira:
0/ Sarrera: 1813
- Hiria erretzea eta suntsitzea
1/ 1813-1864
- Ugartemendiaren planak
- Hiriburutza galtzea
2/ 1863-1924
- Kortazarren plana
- Kortazarren planaren aldaketak
- Groseko hiri zabalgunea
- Jose Goikoak Groseko zabalgunea sendotu
- Amararen jaiotza: hiri monumental berria
- Huts eginiko planak Antiguan
- Groseko auzoaren garapena
3/ 1924-1975
-Europa arrazionalistaren eragina
-Erregimenaren arkitektura
-Desarrollismotik demokraziara
4/ 1975-2013
-Trantsiziotik gaur egun arte
Erakusketaren atal honetako dokumentazioak hainbat artxibotan du jatorria, eta aipatzekoak dira bereziki Donostiako Udal Artxiboa, planoak eskuratzeko, eta San Telmo Museoa, argazki historikoak lortzeko. Dokumentu horiek osatzeko, beste artxibo batzuetara ere jo dugu, publikoak nahiz pribatuak, eta profesionalen eta erakundeen dokumentuak ere bildu ditugu.
Alde Zaharra: deskribapen arkitektonikoa
Hirigintza azalpenaren osagarri modura, Donostiako Alde Zaharreko eraikin nagusien deskribapen arkitektonikoa egiten dugu. Deskribapen hau Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Arkitektura Gidatik hartutako dokumentazioan oinarritzen da. Gidaren egileak, Luis Sesek, gidan agertzen diren plano digitalizatuak eta deskribapenak helarazi dizkigu. Gainera, informazioa osatzeko, eraikinen plano historiko ugari eskuratu ditugu Donostiako Udal Artxibotik.
Guztira, 20 eraikin eta leku bereizgarriri (batzuk jada desagertuak) buruzko dokumentazioa erabili dugu.
Honako hauek dira:
Konstituzio plaza
Udaletxe zaharra / liburutegia
Santa Teresa komentua
San Bizente eliza
Santa Maria eliza
Trinitate plaza
San Telmo Museoa / komentua
Zuloaga eskolak
Boulebardeko zumardia
Bretxako merkatua eta Arrandegia
Kasino Handiaren eraikina / udaletxea
Goikoa jauregia
Aquarium / Itsas Jauregia
Kaia
Pasealeku Berria
Urgull mendia / Motako Gaztelua
Klub Nautikoa
Santa Katalinako zubia
Antzoki Zaharra
3. Ikus-entzunezko edukia
Ikus-entzunezko edukiak erakusketa aretoa eta kanpoaldea erlazionatzen ditu, eta, aldi berean, hiriaren iragana eta oraina lotzen ditu. Donostiako eraikin eta kaleetan barrena eginiko ibilaldi bat da, aintzat harturik eraikiak izan ziren hurrenkera.
Bideoari efektu bisualak gehitzen dizkion teknologiari esker, eraikinei buruzko informazioa agertuz doa ikusleak hirian barrena \"pasieran\" aurrera egin ahala.
cerrar