Udaletxea
Luis Aladrén eta Adolfo Morales de los Rios, 1882

Eraikin bitxia da hirian duen kokalekuagatik. Fatxada nagusiak Alderdi Eder parkeko lorategien antolamendua mugatzen du, eta fatxadaren aurrealdean dagoen plataformak eraikinaren eta ingurunearen arteko lotura egiten du. Era berean, eraikuntza hau da Kontxako Pasealekuaren amaiera eta Boulevardarena, albo batetik, adierazten duen elementu urbanoa. Eraikinaren osagaia gorputz nagusi bat eta bi albo-gorputz dira, komunikazio galerien bidez elkarri lotuak; erdialdea atal askotan zatitua du, eraikinaren neurriaren arabera behar lukeenarekin alderatuz gero. Oro har, eklektizismoaren kutsu nabarmena du, hainbat estiloren eragina antzematen zaiola, bai bolumenen antolaketan bai apainduretan.

Luis Aladrének eta Adolfo Morales de los Ríosek eraiki zuten 1882an, Europako erdialdeko uda hirietako kasinoetan oinarriturik; "eraikin arina eta malgua, irtenune, miradore eta terraza ugarirekin; ikusleentzako erakargarria, aisiarako egokia eta erosoa" egin nahi izan zuten bi arkitektoek. Hasieran beheko solairuan kafetegia eta jangelak zeuden, eta goiko solairuan joko-aretoak; gune aipagarrienen artean azpimarratzekoa da zurubi nagusia. Eraikinak harrizko hormak ditu, Mutrikuko kareharriz eta Uliako hareharriz eginak; egitura, berriz, burdin-zurezkoa du.

Kasino Handiak 1923ko udan itxi zituen ateak, Kursaalko eraikuntzara aldatu ondoren, eta kasino zaharraren egoitza izandako eraikina Udaletxe bihurtu zen 1941 ean hasitako berrikuntzen ondoren. Dena dela, kasino izan zen garaiko areto ikusgarrienak eta altzari batzuk gorde dira. 1941 eko berrikuntza lan horiek Luis Arizmendiren zuzendaritzapean egin ziren, eta 1947 arte luzatu ziren. Kanpoaldeari dagokionez, zenbait aldaketa egin ziren eraikinaren atzealdeko fatxadan: areto nagusiaren (gaur Bilkura Aretoa) aurrealdea handitu zen, behe solairuan atari bat ireki zen eta kendu egin ziren dantza aretoko "fumoir" delakoa osatzen zuten pabilioi kristaldunak. Horrekin batera, berriro egin ziren Ijenteako lorategiak eta iturriak, eta 1951n erakusketa areto gisa egokitu ziren sotoko gelak.

cerrar