San Telmo Museoa bera, egungo egoeran, urteak igaro ahala bere izaera fisikoa eta funtzionala partzialki aldatu duen aldaketa-prozesu luzearen emaitza besterik ez da. Museoaren kokapena, hiriko egituraren eta Urgull mendiaren topografiaren arteko elkargunean, bestalde, Donostiako hiri-arazo berezi baten adierazgarri da: paisaia naturalaren eta artifizialaren artean inoiz erabat konponduta geratu ez den muga baten emaitza.
Nola ekin behar zaio San Telmon espazio-premia berriei eta paisaia-baldintzapen handiei erantzungo dion zabalkuntza bati, era berean denbora igaro ahala lekuarekin duen lotura adierazteko gai izanik?
Gure proposamena definitzen duen zuzeneko eta erroko keinuak, paradoxa bada ere, Urgull mendiaren paisaiarekin erabat bat egitea dakar. Landare-horma bat eraikiko dugu, sakona eta arina, bertan dagoen desberdintasun topografikoaz baliatuz, dagokion programa barnean hartzen duten bi pabilioi ezkutatuko dituena. Erabaki horrek, eraikin historikoen eta zabalkuntza definitzen duen arkitektura berriaren berezko balioa erakusteko aukera ematen du. Harrerako pabilioia, Zuloaga plazan, museorako sarrera berria izango da, eta bertatik sartu ahal izango da hala eraikin zaharrera (bilduma iraunkorrak bilduko ditu) nola pabilioi berrira (aldi baterako erakusketak). Atari nagusia, era berean, lotura naturala izango da adierazitako ezaugarriak dituen museo batean beharrezkoak diren espazioen osagarri izango diren gune berriekin (arropazaindegia, denda, ekitaldi-aretoa, mediateka, areto didaktikoa eta kafetegia).
"Landare-horma" bat: zenbaitetan, ideia arkitektoniko bati loturiko metaforak proiektuaren alderdi guztiei ematen die zentzua. Horrela, hormaren bihurgune eta norabide-aldaketa txikiak nahikoak dira Urgull mendirako oinezkoen sarbideei irtenbide natural bat aurkitzeko, aire zabaleko erakusketa-espazio bat eratzeko, edo paisaiari eta hiriari irekita dagoen terraza eta kafetegi bat egiteko.
Gure proposamenak biltzen duen natura/artifizio harremanaren adierazpen bat gehiago bailitzan, goroldioz, likenez eta azkenean eraikin guztia inguratuko duten bestelako landare-espezie batzuez estalitako metalezko azal batek mugatuko du eraikin/pantaila berria. Leopoldo Ferrán eta Agustina Otero artistekin batera egindako lana proiektu honetarako propio sorturiko galdaketa piezen konbinazio-joko batetik abiatuko da. Hiriaren espazio publikoan eginiko ezohiko esku-hartzea izango da, arte plastikoen eta arkitekturaren arteko ekintza-eremu komuna hain zuzen.
San Telmo Museoaren zabalkuntza berriaren itxura urtaroen arabera aldatuko da: zenbaitetan mendiko landaretzarekin bat eginez desagertuko da eta beste batzuetan azaleratu egingo da, amaitu gabeko horma luze eta hautsi baten itxura gogoraraziz: arkitektura orok denborarekin ezartzen duen harreman zailaren ezusteko metafora gisa, agian.
Eraikina
San Telmoren proiektu museologikoak hainbat helburu ditu: alde batetik erakusketa-muntaia berria definitzea eta diseinatzea eta bestetik San Telmo kontenplaziorako, elkarrizketara bideraturiko hausnarketarako, eztabaidarako eta ideiak kontrajartzeko benetako gune bihurtzea. Hori horrela izan dadin guneak helburuen arabera egokitu behar dira.
Museo zaharrak ezin du gehiago eman eta haren izaera monumentala kontuan izanik ezinbestekoa da esku-hartzea errespetu osoz egitea, ondorioz, gaur egun museoak eskaintzen dituen zerbitzuak eraikin berrira lekualdatuko dira.
Eraikin berriak honako arazo hauek konponduko ditu:
- Irisgarritasuna
- Segurtasuna
- Informazioa
- Harrera
- Pasadizoko biltegiak
- Bildumetarako sarbidea
- Merchandisinga
- Zabalkundea
- Tailerrak