Erakusketaren jatorrizko ideian oinarrituta (hots, hiria maketa erreal modura erabiltzea), eta aintzat harturik gure hiriaren arkitektura "ikusten" eta balioztatzen erakusteko premisa, Alde Zaharraren bisita gidatuak antolatu ziren azaroko lau asteburuetan, bat etorriz denboran erakusketarekin.
Ibilaldiak 1h-1h15m-koak izan ziren gutxi gorabehera, euskaraz eta gaztelaniaz, eta gidari lanetan aritu ziren Ana Azpiri historialari eta UPV/EHUko arkitektura irakaslea eta Carmiña Dovale ikertzaile eta UPV/EHUko irakaslea. Zehazki, honako hau izan zen ibilbidea:
Hasiera
Donostiako Alde Zaharra, hiri ilustratuaren eredua.
Hiri ilustratuaren kulturatik zabalgunearen kulturara igaroko da (arkitektura neoklasikoa mantenduz hein batean).
Geldialdia San Bizente elizan
Abuztuaren 31 kalea, sutearen aurreko hiriaren adibide gisa.
Eraikinen fatxadak, materialak eta zabalera desberdintasunak aztertzea. Dibertsitate kontzeptua.
Sutearen aurreko hiriaren problematikaren azalpena. Erdi Aroko partzela sistema batetik abiatuta definitutako hiria. Partzela estua eta oso sakona da. Ondorioz, etxeek dituzten gela bakanek argi naturala eta aireztapen zuzena dute. Ur zikinak zuzenean isurtzen dira kantoietara.
Sutea. Eraikinen zurezko egiturak hiria suntsitzea erraztuko du.
Geldialdia Trinitate plazaren sarreran
Partzela estu eta sakoneko garaiko etxe baten sekzioaren adibidea: etxearen % 70 itsua da; % 30 fatxadara irekia dago.
Pedro Manuel Ugartemendiaren aurkezpena, XVIII. mendeko arkitekto garrantzitsuenen testuinguruan.
HIRIARENTZAT PLAN BERRI BAT EGITEKO MANDATUA
Pedro Manuel Ugartemendia ingeniari militarra da, eta hiri ilustratuaren ezagutzatik abiatzen da. Hiriak forma bat edo beste izango du, erabileraren arabera. Horrela, ospitale hiriak, hiri militarrak,… sortzen dira.
Ideia hiri batek ondo funtzionatzea da. Beraz, oinplanoan zehaztean, oso kontuan hartzen dira, adibidez, zirkulazioak edo ekipamenduak. Altxaerak definitzeko, Apaindura Ordenantza erabiltzen da, hiri ilustratuaren ekarpen garrantzitsua. Planaren egilea ordenantza definitzen duen berbera da. Ugartemendiaren ordenantzak 45 artikulu ditu, eta zehaztasuna eta konplexutasuna ditu ezaugarri. Horregatik, eraikinek antzeko itxura dute, eta Alde Zaharra oso homogeneoa da.
Hiri ilustratua ulertzeko, garrantzitsua da oinplanoaren espezializazioa eta altxaeren homogeneotasuna ulertzea.
PEDRO MANUEL UGARTEMENDIA DONOSTIAN
Plan bat lantzen hasi aurretik, Ugartemendiak sutearen aurreko eraikinak aztertzen ditu, etxe eredu hobe bat sortzen ahalegintzeko. Etxe uharte guztiak birplanteatu eta barne patioak eransten dizkie. Horrela, metro koadro gehiago lortzen ditu, kalitate hobeagokoak, gainera. Dena dela, bere plana egiteko, uko egin behar dio Erdi Aroko partzela sistemari, argi definituta gelditu dena hondakin pusken artean. Herritarrak ez daude ados Ugartemendiaren asmoekin, eta irmo adierazten dute beren iritzia. Ez dituzte nahi etxe hobeak, beren etxeak baizik.
Beraz, Ugartemendia sutearen aurreko hiriari egokitzen zaio, eta zuzenketa txiki batzuk baino ez ditu egingo. Nolanahi ere, hiri berri bat sortzeko aukera du, apaindura ordenantzaren bidez antolatutakoa.
Emaitza, horrenbestez, pertsona berak marraztua dirudien hiri bat da, eta fatxaden konposizioak eraikin bakar baten ideia iradokitzen du.
Geldialdia San Jeronimo eta Fermin Calbeton kaleen bidegurutzean
PEDRO MANUEL UGARTEMENDIAREN ORDENANTZA
⁃ Harrizko zokaloa
⁃ Beheko solairua eta lehenengoa guztiz bereiziak daude
⁃ Harrizko ate/leiho zangoak eta ate/leiho buruak
⁃ Balkoi hegala (lerro zuzen bat marraz daiteke kale bateko balkoiei jarraituta)
⁃ Bat datoz leihoen ardatzak eta ateen ardatzak
⁃ Zorrotenak erabat kokatuta mehelinetan
⁃ Aurretik zeuden mehelinak berrerabili egin daitezke segurtasun arau batzuk kontuan hartuta
⁃ Arauak bete behar dira
⁃ Kaleen zabalerak mantentzen dira (kantoiak kentzea)
Fatxadaren antolakuntzak trazatuaren erregulartasun sentsazioa sortzen du. Donostiako Alde Zaharreko kaleak ez dira guztiz perpendikularrak, hala ematen badu ere.
Geldialdia Konstituzio plazan (1815)
Plazaren egilea: Pedro Manuel Ugartemendia.
Plaza honetan bi arkitektura uztartzen dira. Alde batetik, Silvestre Perezen udaletxe zaharra; bestetik, Pedro Manuel Ugartemendiak sortutako plazaren arkitektura. Udaletxea 1819. urtekoa da. Elementu handi gutxi batzuez eratuta, geometriak funtsezko garrantzia du.
Fatxada erdiko ardatzaren inguruan antolatzen da. Eskema hauxe da: arkua, zutabe dorikoa eta amaierako elementua. Eskema hori bost aldiz errepikatzen da fatxadan.
Plaza 1815ean eraiki zen, merkataritza izanik eginkizun nagusia, eta horregatik dira garrantzitsuak ataripeak, neguan pasealeku gisa ere erabil daitezkeenak. Kasu honetan, ordenantza are zorrotzagoa da. Fatxada bi ardatzen inguruan antolatzen da. Ardatz bertikala eskema honen arabera definitzen da: arkua, balkoia, lehen solairua, bigarren solairua, etab. Eskema hori plaza osoan errepikatzen da. Aldiz, ardatz horizontalek konposizioa orekatzen dute, eta solairu bakoitzeko balkoi jarraituen bidez definitzen dira.
Konstituzio plaza bat dator guztiz Ilustrazioaren hiri ereduarekin. Plaza praktiko, merke eta aldi berean dotorea da. Itxurazkoa ez ezik, funtzionala ere bada. Azken batean, Gipuzkoako beste plaza batzuetan errepikatuko den eredu on bat: Tolosako Euskal Herria plaza, Jose Eleuterio Eskoriazarena, edo Oñatiko Foruen Plaza, Laskurain eta Antonio Kortazarrena.
Geldialdia Gipuzkoa plazan (1867)
1863an, emaitzatzat Antonio Kortazarren Zabalgunea izango duen lehiaketa egiten da.
Gipuzkoa plazaren egilea Jose Eleuterio Eskoriaza da. Arkitektura neoklasiko isabelinoari dagokio, neoklasikoaren azken fasea.
Ugartemendiarena baino plaza finagoa da, apaindura handiagokoa. Fatxada plaza osoan errepikatzen den eskema finko baten arabera egituratzen da: pilastradun arkuak eta 3 solairu (lehenengo biak balkoi jarraituarekin eta hirugarrena balkoi indibidualekin).
Plazaren protagonistak moldurak dira. Horien bitartez, argi-itzalen joko ikusgarria lortzen da, eta elementu astunek arinagoak dirudite.
Labur esateko, plaza diskretu eta dotore bat da, amaiera puntua ezartzen diona hiriaren arkitektura neoklasikoari.
cerrar