HAUR TAILERRA: HIRI MUTANTEA

Sarrera
2013an ospatu zen Donostiaren suntsitze eta berreraikuntzaren Bigarren Mendeurrenaren harira, Maushaus elkarteak haur tailer bat antolatu zuen, honako helburu honekin: haurrei hiria nola sortu zen eta gaur egun nolakoa den azaltzea, eta beren ustez etorkizunean nolakoa izango den irudikatzea.

Haur tailerraren proiektua: HIRI MUTANTEA
“200 urteko hiria: Donostiaren garapen urbanoa 1813-2013” erakusketaren testuinguruan, azaroaren 23an tailer bat antolatu genuen 6-12 urteko haurrentzat, San Telmo Museoan.

Erakusketaren osagarri gisa planteatu zen tailerrean, Donostiaren historia aztertu genuen, bereziki erreparatuz Alde Zaharrari: nolakoa den gaur egun eta nola imajinatzen zuten haurrek izango dela etorkizunean. Tailerraren izena hauxe izan zen: DONOSTIA, HIRI MUTANTEA.

Bi fase izan zituen: udazkeneko eguraldi txarrak behartuta, lehenik ibilaldi birtual bat egin genuen Alde Zaharrean barrena, haren ezaugarri garrantzitsuenak aztertuz: eraikuntza nagusiak eta hutsarteak; itsasoarekiko eta mendiarekiko lotura; eta antzinako harresien muga fisikoak. Bigarren fase batean, Alde Zaharraren maketa bat egin genuen, 1:200 eskalan, haren iragana, oraina eta geroa interpretatzeko. Maketa ikusgai egon zen San Telmo Museoko “200 urteko hiria” erakusketan.

Iragana: Hiri harresitua. Donostiaren erretze eta suntsitzearen inguruko gertakari historikoen narrazioa. Karlos V.aren hiri harresitua; soldadu ingeles-portugaldarrek hiria erretzea; Bretxa eta Abuztuaren 31 kalea.

Oraina: Hiri irekia. Hiria harresirik gabe berreraikitzea eta lehen zabalguneak. Harea istmoaren gainean finkatzea. Hiriaren asentu kota hautatzea.

Etorkizuna: Gure hiria. Denon artean eraikitzea.

Tailerraren antolakuntza eta metodologia
3 orduko tailerra: 10:30etik 13:30era.

a. Ongietorria haurrei. Horman proiektatutako irudien bitartez, landu beharreko gaia aurkeztu zitzaien. Alde Zaharraren plano-eskema txikiak banatu zitzaizkien, bisitatu beharreko puntu nagusiekin, 1:1 eskalako maketa bat izango balitz bezala.

b. Tailerraren bigarren zatia haurrekin Alde Zaharrean barrena ibilaldi bat egitea bazen ere (eraikin eta leku historiko adierazgarrienak aztertzeko), ezin izan genuen egin, eguraldi txarragatik. Hortaz, arreta handiagoa eskaini genion eraikin eta leku horien irudiak biltzen zituen ikustaldi birtualari, eta “200 urteko hiria” erakusketa ikustera joan ginen.

c. Berriro tailerrean, hamaiketakoa egiteko atsedenaldi txiki bat egin ondoren, maketa eraikitzeari ekin genion, 1/200 eskalan. Maketa egiteko erabili genuen oinarrian, Alde Zaharreko eraikinen eta Urgull mendiaren kokapenak adierazita zeuden. Haurrek eraikinak eta lekuak kokatu eta identifikatu zituzten, hormak eraiki ahal izateko. Poliestirenozko orriak eta zurezko txotxak erabiliz, gure Alde Zahar berezia eraiki genuen. Espazio publikoak diren eraikin nagusiak fluor kolorez nabarmendu genituen, erraz identifikatzeko, eta bide txiki bat sortu genuen itsasgarrien bidez, leku batetik besterako ibilbidea adierazteko.

Amaitzeko, didaktika aretotik patiora eraman genuen maketa, erakusketan ikusgai ipintzeko.

Proiektuan erabilitako baliabideak

Azpiegitura: San Telmo Museoko Hezkuntza Tailerra eta alboko patioa erabili genituen.

Giza baliabideak: 3 begirale behar izan ziren tailerra egoki egiteko (elkarteko bi begirale gehi boluntario bat).

Baliabide teknikoak: irudien proiekzioa, ordenagailua eta proiektorea (Maushaus elkarteko kideenak).

Baliabide materialak: tailerra iragartzeko, “200 urteko hiria” erakusketaren antolatzaileak eta San Telmo Museoa arduratu ziren flyer-ak eta kartelak inprimatzeaz. Tailerrean erabiltzeko materialak: kartoiak, kartoi meheak, paper gauzak, pinturak eta poliestireno zuriko orriak.

Emaitzen balorazioa
Esperientzia oso positiboa izan zen, eta parte-hartzaile guztiek beren esker ona eta poza adierazi zizkiguten. Tailerra interesgarria izan zen haurrentzat eta helduentzat, eta, mahaian lekua bazegoela ikusirik, guraso batzuk parte hartzera animatu ziren une jakin batzuetan.

cerrar