Erakusketako pieza nagusia Arrikrutzeko koban (Oñati, Gipuzkoa) berreskuratutako haitzuloetako lehoiaren hezurdura da, Iberiar Penintsulako osoena. Hortik abiatuta, animalia horiek eta beren garaia, Pleistozenoa, ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Gaur egun lehoiak Afrikako sabanarekin lotzen baditugu ere, Eurasian eta Ipar Amerikan ere bizi izan ziren Pleistozenoan. Europan, zazpiehun mila urte dituzte lehoi-fosil zaharrenek. Lehoi euroasiar horiek, gaur egungoak baino handiagoak, “haitzuloetako lehoia” (Panthera spelaea) deritzon espeziekoak ziren, eta hainbat nitxo ekologiko bete zituzten une glaziar zein interglaziarretan.
Gure arbasoak felido handi horiekin bizi izan ziren, haitzulo askotako hormetan marraztu edo grabatu zituzten eta estatua txiki batzuetan irudikatu. Irudi horiei esker badakigu arrek adatsik ez zutela, edota, izatekotan, oso txikia zutela.
Zergatik desagertu ziren ez dakigu, baina azken glaziazioaren amaierako klima-aldaketak eta giza ehizak zerikusia izan dezakete desagertze horretan.
Arrikrutzeko lehoi-eskeletoa iberiar penintsulako osoena da gaur egun. Iñaki Zubeldiak aurkitu zuen 1966an, eta Jesús Altunak aztertu zuen. Haitzuloan hil zen lehoi heldu batena izan zen. Gurutzeraino gutxi gorabehera 1-1,2 m-ko altuera zeukala uste da, eta 250 kg-ko pisua. Handi-handia zen, egungo arren batezbestekoaren gainetik, baina halere ez zen handienetako bat, haitzuloetan 300 kg-tik gorako lehoiak ere bizi izan zirelako.
Antolatzaileak: San Telmo Museoa, Museo de la Evolución Humana, Gordailua (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa)
Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuak egindako bideo honek kobazuloaren ezaugarriak eta lehoiaren aurkikuntzaren nondik norakoak azaltzen ditu:
Erakusketaren harira jarduerak antolatu ditu museoak:
Ikusi hemen jarduera guztien inguruko xehetasunak.
Gainera, haurrentzako gida bat kaleratu du museoak nork bere kabuz haurrekin bisita egiteko.
Eskolei begira, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako bisitak hitzar daitezke: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu / 943 48 15 61.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: