INKAK IRITSI ARTE erakusketaren bidez, Peru prehispanikoaren historia egituratu nahi dugu, "Andeetako kulturaren batasuna, aniztasuna eta jarraitutasuna" oinarritzat hartuta, gaur egun ama-kulturatzat hartzen den Chavin kulturatik Inken garaira arteko Andeetako kultura oinarritzat hartuta, hain zuzen ere. Inken kulturak, inperio gisa mende hartu zituzten herrien ezaugarri kulturalak biltzen ditu. Aipatutako epe historikoa azaltzeko kultura ezberdinetako objektuak bildu ditugu, besteak beste: zeramikak, ehunak eta jantziak, armak, urre eta zilar lanak, metalezko eta egurrezko tresnak. Guzti hauek kontutan hartuta Andeetako eskualde desberdinetako kultur mosaiko zabala osatuko dugu.

Sakabanaturik bizi ziren askotariko taldeak mendean hartu eta bertan finkatu zuten bere inperioa Inkek. Mundua eta ordena sortu zuten heroi zibilizatzailetzat zuten beren burua inkek, eta sinesmen horren arabera ziharduten. Hala ere, Inkek ez ezik, beste kultura askok ere osatu zuten Erdialdeko eta Erdialdeko/Hegoko Andeetako iragana, aztarna materialek, arkitektura monumentalak, ingeniaritza-obrek eta hainbat motatako kultura material aberatsak (zeramika, metala, ehun-lanak eta horma-pintura) garbi erakusten dutenez. Nolanahi ere, Inkek sintetizatu zuten Andeetako kultura, eta haren arragoa izan ziren.

Bioingurune bakoitzean (kostaldea, mendilerroa, oihana), bertako giza taldeek hainbat mende zeramaten bizirauteko estrategia sofistikatuak garatzen, eta, dirudienez, ongi garatu zituzten; ikusi besterik ez dago Inkak agertu baino lehen Andeetako Eremuan lortutako maila altua, politika- eta gizarte-antolamenduaren, teknologien eta arteen arloetan.

Lurralde horretan bizi izan ziren etnia guztiek gurtu zuten natura, nekazaritzaren eta itsasoaren arloko gurtzarako jainkoturiko izakien bidez (felidoak, hegaztiak, sugeak), eta horrexek ezarri zuen nolabaiteko lotura kultura horien guztien artean.

Kultura bakoitzaren onena hartu zuten Inkek, baita beren erritu eta erlijio-kontzeptu propioak zabaldu ere; aldi berean, administrazio-egitura konplexua zabaldu zuten. Zeregin proselitista horretan erabili zituzten tresna nagusiak honako hauek dira: artea, bideen sarea ("Inka Bidea" deritzana) eta hizkuntza komuna: kitxua. Artean, hain zuzen ere, bildu zen eskualde bakoitzean sorturiko Inka kulturaren elementuen eta tokiko tradizioen amalgama.