KUTXA BOULEVARD ARETOAK
Boulevard, 1 Donostia-San Sebastián
2010eko abuztuaren 6tik irailaren 5era
Egunero: 11:30-13:30 / 17:00-21:00
SARRERA DOAN
Informazio gehiago:
www.kutxasocial.net
www.santelmomuseoa.eus
Erakusketa: “SAN TELMO MUSEOA. ZATOZ EZAGUTZERA”
Lekua: Kutxaren Boulevard Aretoak. Boulevard Zumardia, 1. Donostia. Datak: 2010eko abuztuaren 6tik irailaren 5era
Ordutegia: egunero, 11:30-13:30 eta 17:00-21:00
SARRERA DOHAINIK
Kutxaren Boulevard aretoetan aurkezten den erakusketa honek San Telmo Museoaren berrikuntza proiektua eta prozesua azaltzen ditu, eta baita nolakoa da 2011n berriro ateak irekiko dituen museoa, Euskal Gizartearen eta Herritarren museo gisa. Aretoen egitura baliatuz -hiru solairuetan banatua- erakusketaren edukiak ere horrela antolatu dira bisitariak berritze prozesua ondo jarraitu ahal izateko.
San Telmo gizartearen museo bihurtuko da 2011n, eta, harekin, Donostiak bizi duen kultur birsortzean beste mugarri bat ipiniko du.
Asko dira gure hirian abian ipinitako kultur proiektuak, sormen handikoak. Besteak beste, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea, Aieteko jauregi zaharberrituan; Tabakalera, kultura bisualerako zentroa; Musikene, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia; Basque Culinary Center, Miramonen; Oroimenaren Lorategia edota Intxaurrondoko gizarte etxea.
Hala ere, horien guztien artean, San Telmo museoa berritzeko eta handitzeko lanak dira erronka nagusia, museoa berriro ere asmatzeko eta gaurko egunetara egokitzeko. San Telmo, ondare historikoari eta artistikoari behar bezalako garrantzia emanez, museo desberdin bihurtuko da; aktiboagoa, XXI. mendeko gizartearen kezka sozialei, politikoei, ekonomikoei zein kulturalei lotua.
Euskal gizartearen eta herritarren museo gisa dituen helburuak bilduma erakuste hutsa baino gehiago dira; museoaren xedea bisitaria inplikatzea da, guztiok osatzen dugun gizartea ezagutzen laguntzeko, bai eta herritartasuna gu guztion kezken ardatz bilakatzea ere.
Prozesua 2004an onartutako proiektuaren bidez ipini zen martxan, eta, harrezkero, lana gogotik eta berriketa gabe egin dugu; guztia ere erantzunak aurkezteko, adierazteko, azaltzeko, ikertzeko eta bilatzeko modu berriak eskuratu ahal izateko.
Proiektu berri honekin, aro berriari ekingo dio San Telmok; herritarrekin elkarreragiteko eta Europako kultur erakundeekin sarean lan egiteko aroari, hain justu.
Kutxaren Boulevard aretoetako erakusketan aipatutako aldaketa sakon horren gakoak azalduko ditugu. Era berean, museoaren historia gainbegiratuko dugu, arkitektura-proiektuaren inguruko azalpenak eman –aldaketarik bistakoena orain artean– eta museoko lanak gidatzen dituen prozesua aurkeztuko dugu, baita prozesuaren gakoak zein erronkak ere.
ODON ELORZA
Museoen zerizana izugarri aldatu da azken urteotan. Gaur egun ez gara museora soilik artelanak ikustera joaten, nahiz eta oraindik ere eusten dion luzaroan izandako zeregin horri (alegia, historia zein arte ondarea babestea eta zaintzea).
Etorkizunari begira dauden museoak parte hartzean oinarritutako erakundeak izatea, ingurunearekin elkarreraginean aritzea eta biziak eta bizi emaileak izatea espero da. Museoei buruzko ikuspegi hori ez da hain arranditsua, baina libreagoa da.
Aldaketa prozesu horretan sartuta dago San Telmo Museoa, kutxaren Boulevard Aretoetako erakusketan ikusi daitekeen legez, hain zuzen ere. Erakusketak ez du museo berri bat aurkeztu nahi, San Telmo berria baizik; hots, eraikina berritzetik eta erakusgaiak gaurkotzetik harago doan aldaketa handiaren eragina, museoaren zerizana, helburuak eta jardunbidea berritu dituena.
Hausnarketa sakonaren ondorio da aldaketa hori. Hala, San Telmo ondare eta kultura gune bihurtuko da, turismoaren, hezkuntzaren eta kultur-aisialdiaren eskariari zuzendua. Aurrekoak egia bihurtzeko buru-belarri dabiltza lanean Museoan. Ezin du bestela izan, sorrerako (XIX. mendea) eredu hertsia atzean utzita, euskal gizartearen eta herritarren gune bihurtuko bada. 2011n beteko da erronka. Haren lagin bat ezagutu ahal izango dugu kutxaren Boulevard Aretoek San Telmo museoari eskainitako erakusketan.
XABIER ITURBE, Kutxako Lehendakaria.