Euskal gizarteari buruzko museoa
Zatoz euskal gizartea ezagutzera, hasieratik gaur arte.
Eliza, behe-solairua
Ibilbidearen lehen geldialdia museoko eliza da. Bertan, Josep M. Sert-en mihiseak ikusten dira lehenik eta behin. Gure lurraldeko efemerideak islatzen dituzten tamaina handiko pinturak dira. Gainera,museoaren eta haren eraikinaren historia kontatzen da ikus-entzunezko batean. Adibidez, eraikinaren alderik antzinakoena XVI. mendeko komentu bat izan zela eta alderik berriena 2011. urtean inauguratu zela kontatzen da.
Leku horretan bertan, pantaila interaktibo batean, egungo gizartearen erronkak daude planteatuta: bakea, giza eskubideak, berdintasuna, jasangarritasuna, Europa eta kulturartekotasuna. Gai horiek gogoetabideak dira museoarentzat. Hori dela-eta, museoko jarduera-programazioaren zati bat gai horiei eskainita dago.
Klaustroa, behe-solairua
Euskal herritarrek hainbat mendetan eutsi diete heriotzaren eta iraganaren gurtzaren inguruko errituei. Gela honetako argizaiolak eta hilarriak tradizio horren oso alderdi esanguratsuak dira.
Behe-solairua
Mugarri jakin batzuk funtsezkoak izan dira euskal gizartearen eraketan eta garapenean XIX. mendera arte. Azpimarratu beharrekoak: erromatarren aztarnak, bandoen gerrak, burdinolak, artoaren iraultza, balea-arrantzaleak eta nabigatzaileak, Inkisizioa, jesuitak eta Ilustrazioa.
Lehen solairua
Egungo euskal gizartea ulertzeko gako nagusiak XIX. eta XX. mendeetan ditugu. Batez ere Antzinako Erregimeneko balioak zituen gizartea aldatu eta oinarri sozialak, kulturalak eta ideologikoak guztiz eraldatu zituen gizarte bilakatu zelako.
XIX. eta XX. mendeetan, hainbat gertaerak herrialdeko eguneroko bizitza eraldatu zuten.
Horien artean, karlistaldiak, eskubideen lorpena, gerra zibila, haren ondorioak eta trantsizioa azpimarratu behar dira. Garai hartan, halaber, aniztasun ideologikoa agertu zen, eta euskal kulturaren eta euskararen inguruko kontzientzia indartu zen. Trenbidearen eta aisiaren agerpena ere azpimarragarria da atal honetan.
Euskal landa-gizartearen berezko elementu nagusia baserria da. XIX. eta XX. mendean, baserriko jarduera espezializatu eta mekanizatu egin zen, baina etxea, jarduera sozioekonomikoa eta bizimodua biltzen zituen instituzioa izaten jarraitu zuen. Atal horretan bertan, tradizioari lotutako folklorea, kirolak eta ogibideak (arrantza, laborantza, abeltzaintza eta abar) daude islatuta.
XIX. eta XX. mendeetan, eguneroko bizitza aldatu egin zen honako faktore hauen ondorioz: biztanleriaren hazkundea (industria-sektoreak erakarrita), hirigintza-hedapena, erdi-mailako klasearen eta masa-kulturaren agerpena, eta emakumeak esparru publikoan pixkanaka txertatzea.
Euskal arteari eskainitako areto honek joan den mendeko 20ko hamarkadatik gaur egunera arteko aldia hartzen du, sorkuntza garaikideari eta une honetan euskal artearen panoramaren parte diren artistei leku eginez. Komisarioa: Peio Aguirre.
Bigarren solairua
500 urte baino gehiagoko artearen ibilbidea. Bertan El Greco, Rubens, Guido Reni, Alonso Cano, Ykens, Carreño de Miranda, Fortuny, Ortiz Echagüe, Zuloaga, Zubiaurre, Iturrino, Olasagasti, Regoyos... bezalako artista garrantzitsuen lanak daude.
Second Canvas San Telmo Museoa aplikazioak San Telmo Museoko arte bildumak era berritzailean deskubritzeko balio du; haren bitartez, artelanen detaileak bereizmen oso handiz aztertu ahal izango dituzu eta bisitatzen dituzun obrak hobeto ezagutu eta interpretatu.
Artelanak Bilduma Historikoen aretoan daude ikusgai eta, ibilbide baten bitartez, azken sei mendeetako pinturaren bilakaera erakusten dute, bi gairen inguruan: erretratua eta paisaia.
Tresna ezin hobea da konpainian artea deskubritu eta disfrutatzeko, eta euskarri didaktiko oso praktikoa da ere irakaskuntzako profesionalentzat.