La Encartada Fabrika-Museoaren eta Rialiaren erakusketen ondoren, San Telmo Museoak Gerardo D'Abrairak egindako marrazkien sorta bat aurkeztuko du, oraingo honetan Gipuzkoako instalazio industrialetarako marraztu zituen bista panoramikoak ardatz hartuta, Bizkaian eta Errioxan egindako beste marrazki batzuk baztertu gabe.
Erakusketak orain arte ia ezezaguna zen Gerardo D'Abraira euskal marrazkigilearen (Begoña, 1904 – Getxo, 1964) obraren zati bat erakusten du. XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Euskal Herriko industriaren indarra bisualki azaltzen aritu zen D’Abraira, paperezko euskarri handien gainean tintaz, akuarelaz eta gouachez egindako airetiko bista ikusgarrien bidez.
Nerbioi ibaiaren ibarrean finkatutako enpresa bizkaitarrentzat hasi zen lanean (Altos Hornos, Euskalduna, Babcock Wilcox...), baina laster jaso zituen eskaerak Arabatik eta Gipuzkoatik, eta bere lan bikainagatik lortutako izen onaren ondorioz, penintsulako beste hainbat industriagunetatik deitu zioten, orduan airetiko argazkien bidez lortu ezinezkoak ziren irudi batzuk egiteko.
Metalarekin eta makina-erremintarekin lotutako industrien ondoren, ehungintza izan zen D'Abrairak bezero ugari aurkitu zituen beste sektorea. Dena den, 60ko hamarkadatik aurrera, airetiko argazkigintzak zokoratu egin zuen artisautza, lan artistikoa, marketina eta komunikazio bisuala uztartzen zituen lan mota hori.
D’Abrairak ez zuen bere marrazkien bidez artista sortzaile gisa agertzeko asmorik, bere zerbitzuak eskatzen zituzten enpresen lantokien dokumentalista leial eta zehatz bezala baizik. Hala ere, bere lerro eta trazuen garbitasunak, xehetasunen verismo xarmagarriak, kolorearen erabileran zeukan gaitasun eraginkorrak eta bere atmosferen leuntasun inguratzaileak maila goreneko ezaugarri profesionalen jabe zela erakusten dute.
Bisita gidatuak
Hitzaldia: D'Abraira, el dibujante que describió un mundo industrial, Javier González de Durana (maiatzak 26)
Familia tailerrak: Beste begi batzuekin, Maushaus (apirilak 25, ekainak 13)