Erakusketak Graciela Iturbide argazkilari mexikarrak (Mexiko Hiria, 1942) han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu. Nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu.
Gaciela Iturbide Mexiko Hirian jaio zen 1942an, familia ugari eta kontserbadore batean. Bere patua izugarri aldatu zen 1969an Ikasketa Zinematografikoen Unibertsitate Zentroan sartu zenean. Hasiera batean zinema zuzendari izateko asmoa bazuen ere, Manuel Álvarez Bravo argazkilari eta bere aholkulari eta maisuarekin izandako topaketak bere bidea birdefinitu zuen. Urtebete pasatxo eman zuen bere laguntzaile, eta harengandik ikasi zuen emozioak lehenesten zurruntasun teknikoaren gainetik, eta kulturaz eta arteaz presarik gabe blai egiten. Hasierako esperientzia horretatik sortu zen Iturbideren estilo paregabea, zorroztasun dokumentala eta ikuspegi intimoa eta guztiz lirikoa uztartzen dituena.
Erakusketaren 57 irudiek bere ibilbide profesionalaren hastapenen esplorazio antropologiko eta poetikoa eskaintzen dute nagusiki. Argazkilariak jendearekiko konplizitatea zein konexioaren garrantzia agerian uzten dute, eta ezustekoaren zirraraz hitz egiten digute, bere esperientziekin batera, momentua erretratatzera eramaten baitute. Modetatik at eta espiritu independente baten jabe, Graciela Iturbidek sei hamarkada baino gehiagotan zehar bere hizkuntza bisuala finkatu du. Kamera analogikoei eta zuri-beltzeko filmari leial, errealismoa edo surrealismoa bezalako mota guztietako etiketak baztertzen ditu. Bere lanarekin, introspekzio batera gonbidatzen du ikuslea, irudiaren irakurketa literala gaindituko duena, bere bizipenekin modu emozionalean konekta dezan.
Iturbideren erretratuek herrien aniztasuna ohoratzen dute, epaiketa moralizatzaileetan erori gabe, subjektuen edertasuna, errespetua eta duintasuna erakutsiz.
Komisarioa: María Millán
Antolaketa eta produkzioa: San Telmo Museoa