Eszena iluna. Bera esna

Artea abian programak sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa garapen fasean dauden artistei bultzada emanez. Hala, Natalia Suárez Ortiz de Zarateren lana ikusteko aukera izango dugu aurten erakusketa honetan. 2024-2025 artean sortutako 8 lanek osatzen dute erakusketa. Gehienek olio-pintura, spray-a eta akrilikoa nahasten dituzte mihisean, eta tamaina handikoak dira. Baina badira olio-pintura hutsez margotutako lan bat eta boligrafoarekin paperean egindako marrazki sorta bat ere.

  • 2025eko abenduaren 5etik 2026ko martxoaren 1era
  • Asteartetik igandera, 10:00-19:00
  • Laborategia
  • Sarrera doan
Normal pentsatzea, 2025. Xehetasuna.
Normal pentsatzea, 2025. Xehetasuna.
Muxu, 2025. Xehetasuna.

Katalogoa

“Margolan eta marrazki berri batzuk biltzen dira izenburu honen pean, antzerki- edo gidoi-tonua izan dezakeena, gertatzear dagoen ekintza bat iragarriz bezala.

Pertsonaia femenino bat aipatzen da, eta nahi duenak margolanetan agertzen diren irudiekin lotu dezake, edo artistarekin berarekin, edo ez; fikzioa iradokitzen da konkretuaren aurrean, ikusten denaren aurrean.

Erakusketa hau osatzen duten lanak, neurri batean, marrazketaren energia eta berehalakotasuna olioz margotzeko prozesu geldo eta metagarrira eramateko asmotik sortu dira. Mihiseetan pintzelarekin igurtzitako lerroen multzoak agertzen dira, eta pintura plano lodiek nahaste hori eusten dute, figura bezala definituz. Hondoak, alderantzikatuta, lehen planoa hartzen du.

Prozesuaren hainbat desira eta deriba ez hain kontrolatuek trazu mota ezberdinak edota konbinazio kromatiko zehatzak aukeratzea eragiten dute. Etengabeko istripuaz gain, badago irudiaren mugimendua bilatzeko borondate kontziente bat; baita umorea, erromantizismoa, "ederra" dena, eta kontrakoa ere: atsegina ez dena, arraroa, higuin arina sortzen duena. Hori guztia jasotzeko eta tentsiora eramateko ahalegin bat”.

Natalia Suárez Ortiz de Zárate

Natalia Suárez Ortiz de Zárate

Natalia Suárez Ortiz de Zárate Bilbon bizi da. Pinturaz gain, arte eszenikoak ere lantzen ditu Tripak konpainiako kide gisa. 2022tik Bilboko Errekalde auzoko Kampai espazioa ere kudeatzen du, arte garaikidearen inguruko sorkuntza, entsegu eta erakusketari bideratuta, arte eszenikoekin eta esperimentaltasunarekin bat etorriz.

Bakarka eta binaka egindako erakusketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: "Art-O-rama" (Marsella, 2025), "Adelantar la barbilla y medir el horizonte", Bombon Projects (Bartzelona, 2024), "Aterrizo, anochece", Anti Liburudenda (Bilbo, 2024); "B.A.C.E. Project", Filet Space (Londres, 2023); "Jade", BilbaoArte Fundazioa (Bilbo, 2022); "Diente de leche", Montehermoso Kulturgunea (Gasteiz, 2022) eta "AI, PUNA", Rekalde Aretoa (Bilbo, 2020).

Hona hemen bere talde-erakusketa esanguratsuenak: "Epifanía", Galería MPA (Madril, 2025), "Un cuadrado de terciopelo negro" ibiltaria, Bosteko programaren barruan (Bizkaia, 2024-25) "Dragón de cuatro cabezas", Galería Herrero de Tejada (Madril, 2023); "Hamairu", Tabakalera (Donostia, 2022), "Koko ni", 3331 Chioda Art (Tokyo, 2022); "Estudiotik at", Tabakalera (Donostia, 2021); "ITZULI BARIK”, Kulturate (Arrasate, 2019); “Dime dame”, Aire Galeria (Bilbo, 2019)  edota XVI AMP “Markak", Okela Sormen Lantegia (Bilbo, 2018).

Hainbat egoitza artistiko egin ditu: Joshibi University of Art and Design (Tokyo, 2022); BilbaoArte (Bilbo, 2021), Artist in Residence Sandnes (Norvegia, 2019) eta Tabakalera (Donostia, 2018), besteak beste.

Artea abian

2019an martxan jarritako ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Proposamen honek Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta laurogeiko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.

Erakusketaren liburuxka deskargatu