José Manuel Juan Sotoren argazkiak biltzen dituen erakusketa hau XX. mendearen erdian Kolonizazio Institutu Nazionalak (INC) eraikitako kolonizazio herrixketako arkitekturan zentratzen da.
Landa arrazionalismoa 25000 kilometro baino gehiagoko bidaia da. 1945 eta 1970 bitartean 300 kolonizazio herri inguru eraiki zituzten Espainiako arro hidrografiko nagusietan.
INCn lan egin zuten arkitekto eta teknikariek, mugimendu arrazionalistan oinarritutako nazioarteko ereduak kontuan hartuta, horiek bizitzeko pentsatutako eta sortutako herriak irudikatu eta bertan islatu zituzten. Etxebizitzak, elizak, udalak, eskolak, mediku-kontsultategiak, plazak beren iturriekin eta oinezkoentzako guneak, kolonoentzat eta familientzat diseinatuak, modernitatez beteak. Gaur egun, herri haietako askok bizirik jarraitzen dute.
Honela azaltzen du erakusketa Iñaki Bergera komisarioak:
"XX. mendearen erdialdeko hamarkadetan aurrera eraman zen nekazaritza-kolonizazio erraldoia Espainiako arkitektura modernoaren nortasunaren adierazpenik onenetako bat da, tradizioa eta lurralde- eta paisaia-sentiberatasuna modernitatearen balio funtzional eta arrazionalekin uztartzen dituena.
Esperientzia handinahi horren beste hurbilketa kultural, soziologiko edo ekonomiko batzuekin batera, Kolonizazio Herrien arkitektura eta hirigintza dira gaurkotasun eta interes iraunkorreko balioak biltzen dituztenak.
Iruditeria abstraktu bezain pragmatiko horrek hainbat berrirakurketa eta interpretazio fotografiko izan ditu azken aldian. José Manuel Juan Soto madrildarraren begi zoliak, testuinguruarekin zerikusia duen guztia bazterturik, arkitektura horien inbentario tipologiko aberatsera bideratu du bere begirada arretatsua. Modu aseptiko, arautu eta zorrotz batean, ia izaera taxidermikoko inbentario tipologiko bat osatu du, izugarri zabala. Azkenean, iruditeria kolektibo bat eraikitzen du, herriko eta etxeko elementu ezagunez osatua, eta konposizio-aldaera abstraktuen errepertorio bat eratzen horma kareztatuen gainean. Arkitektura bera mihise bihurtzen da, gaur egun ere atenporalitatez, neurritasunez, ordenaz eta dotoretasun xumez beterik dauden inbariante formalen katalogo baliotsu bat aurkezteko irrikaz dagoen begirada baten eraginpean."
Antolaketa eta ekoizpena: San Telmo Museoa
Argazkiak: José Manuel Juan Soto
Komisarioa: Iñaki Bergera
José Manuel Juan Soto