Ipuscua 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025

Erakusketak azken mila urteetan barrena egindako bidaia proposatzen du, Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat izatera nola igaro zen jakiteko, gaur egun arte iraun duten erakundeekin.

San Juan de la Peñako kartularioa, XI-XIV. Zaragozako unibertsitateko liburutegia.
Kasko militar baten xehetasuna, XVI. mendea. San Telmo Museoa.
Goi-erliebea, Jerónimo de Larrea 1596-1599. Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako maketa 1:10000 eskalan, 1951. San Telmo Museoa

 

 

Bidaia hori bi ardatzetan egituratu da erakusketan: lurraldearen geografia eta bere gobernu-modua, beste alderdi batzuk ere txertatuta, hala nola ekonomia eta filosofia politikoa, eraldaketa hori hobeto ulertzen laguntzen baitute.

1025ean lehen aldiz aipatutako Ipuscua hartatik abiatzen da ibilbidea. 1025ean, García Acenáriz (Ipuscuako jauna) eta Gayla senar-emazteek San Juan de la Peñari dohaintzan eman zioten Olazabalgo San Salbador eliza (Altzon), baita Tolosaldeko eta Aia-Zarauzko beste jabetza batzuk ere. Ekintza hura dokumentu batean erregistratu zen, eta dokumentu harekin hasten da erakusketa.

Ondoren, XIV. eta XVI. mendeen artean, Gipuzkoa lurralde-mailan eta maila instituzional, sozial eta politikoan errealitate berri gisa eratu zen garaira pasatzen da. Azkenik, sistema liberal konstituzional berrira egokitzeko, lurraldeak XIX. mendean zehar bizi izan zituen aldaketak azaltzen ditu.

Erakusketa museoko elizan amaitzen da, eta haren bisitak deskribatutako historia osatzen du, Serten mihiseekin amaiera emanez, Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiari lotutako 11 eszena irudikatzen baitituzte. Espazio berean daude Alonso de Idiaquez eta Gracia de Olazabalen hilobiak ere, San Telmo komentuaren sortzaile eta Karlos I.a, Felipe II .a eta bere oinordekoen monarkien zerbitzura aurrera egin zuten elite gipuzkoar horien adibide garbia.

Dokumenturik ez egoteak eragotzi egin du lurraldearen historia urrunena ezagutzea. Informazio-gabezia hori zela eta, sarritan lurralde primitibo gisa azaltzen zen Gipuzkoa, kanpoko botereek antolatutakoa. Hala ere, arkeologiari esker, gaur egun badakigu tokiko eragileek eginkizun garrantzitsua izan zutela bere bilakaera historikoan. Horregatik, 1025ean lurraldearen izena lehen aldiz aipatu zeneko milagarren urteurrena baliatu nahi dugu panorama historiko eguneratua aurkezteko.

Erakusketa honetan elkarlanean aritu dira San Telmo Museoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako saila. Iosu Etxezarraga da bere komisarioa.

Bisita gidatuak

urtarrilaren 28tik aurrera

  • Astearteetan, 10:30 (cas) + 18:00 (eus) | Larunbatetan, 10:30 (eus) + 18:00 (cas)
  • Bisita doakoa da (beharrezkoa da web bidez lekua erreserbatzea ), baina museoko sarrera erosi behar da. Erreserbak urtarrilaren 17tik aurrera.

Jarduerak

Museoak erakusketarekin lotutako hitzaldiak antolatu ditu.

 

Erakusketa irisgarria

Ikusmen urritasuna dutenek areto testu egokituak deskarga ditzakete sakelekora erakusketa bisitatzeko, Begiris Elkarteari esker.

Hezkuntza

Bisita gidatuak, bisita-tailerrak eta bisita autonomoak egongo dira. Eskolentzako bisita guztiak doakoak izango dira eta Bigarren Hezkuntzakoek, gainera, Foru Aldundiaren Kultura Eskola programari esker joan etorrietarako laguntza izango dute.

Lehen Hezkuntzako 3tik 6rako mailak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1 eta 2 mailak.

 

 

Erakusketaren liburuxka deskargatu