Artistak paisaiari begiratzeko moduan barrena egindako ibilbidea aurkezten du erakusketa honek. Horretarako, San Telmo Museoaren bildumako hainbat garai eta estilo artistikotako obra piktorikoen sorta bat hartzen da oinarritzat, baita Ordóñez Falcón Argazkilaritza Zentroa Fundazioaren argazkien sorta bat ere.
Erakusketa hiru arlotan egituratuta dago: Bista naturalak, bista artistikoak, Irudi kritikoak eta Zeinuak eta palinpsestoak.
Horien bidez, Parisko Jeu de Paume museoko zuzendari eta erakusketaren komisario Régis Durand jaunak paisaia pinturaren asmakizun gisa aurkezten du.
Horregatik, museoko bilduma iraunkorreko zenbait koadro bildu ditu erakusketan, pintoreek eta argazkilariek zenbait gai komuni buruz —paisaia “naturalak” (itsasoa, mendia) edo hiriko paisaiak, esaterako— dituzten ikuspegiak alderatzeko baliagarri izan daitezkeelakoan.
Régis Duranden esanetan, “paisaian ideiak, eta, ideiekin batera, naturaren, herriaren, bizitzeko esperientziaren irudikapenak ageri dira, baina ideia eta irudikapen horien historia ere —oroimena eta egungo esperientzia— paisaia horren parte ere bada”.
Erakusketa hau DFOTO 2006 feriaren jarduera-programaren zati da, eta Tabakalera Zentroan aurkeztutako “Espazio errealak, fikziozko espazioak” izenburua duen erakusketa du osagarri (Régis Durand da erakusketa horren komisarioa).