Gai aurrefabrikatuak eta alderdi mediatikoa nagusitu diren mundu honetan, originaltasunak balioa galdu eta haren ordez kopia eta simulazioa nagusitu diren munduan alegia, purutasuna, autonomia eta egiazkotasuna alde batera utzi ditu arteak, irudikatzeko eremu propioa plazaratuta. Singulartasuna lortzea da artearen helburua, lehengaia dagoeneko nekez aipatzen den munduan, berriaren nagusitasuna, eta are gehiago, sorkuntzaren kontzeptua bera gizarteak —kontsumoaren ikuskizunean bilduta bizi den gizarteak, alegia— gainditu dituen munduan. Izan ere, gaur egungo gizarteak objektuak eta irudiak pilatzen ditu, bere arauak birsortzen ditu, eta bere nortasuna ere kontsumo-produktu hutsa bihurtu du.

“La Caixa” Fundazioaren Egungo Arteko Bildumako obra sorta batek osatzen du erakusketa hau, eta gure kulturaren sinboloen erreplikak, artearen eredu eta arauen birkodifikazioak, nortasun mozorrotuak eta iruzurrezko efektuak dituzten espazioak nagusitu diren jokalekuan kokatzen gaitu.

Laurogeiko hamarkadan, arte minimalistaren hiztegi formala berriz erabili zuten, artea ekoiztea, erakustea eta aintzat hartzea baldintzatzen duten kodeak ikertzearren. Serieko produkzioa, bikoizketa, errepikapena eta erretikula dira artista haiek beren lana gauzatzeko erabilitako estrategietako batzuk. Era berean, lehendik ere gure kulturakoak ziren formak eta objektuak baliatu zituzten, eta, testuingurutik aterata, artifizio gisa erabili zituzten, hizkuntza-jokoak egiteko. Mekanika neutroz egindako erreprodukzioko, jabekuntzako edo justaposizioko eragiketak dira horiek, ironia darien eragiketak hala ere.

Rodney Graham-ek, Donald Judd eskultorearen eskultura sekuentzial ospetsua bere eginda, Sigmund Freuden Obra osoen bolumen bat itsatsi zuen modulu bakoitzean. Hartara, psikoanalisiaren sortzaile ospetsuaren obra txertatuz, tentsio handia eman dio artista minimalistaren obraren objektibotasunari. Katharina Fritsch artistak Lourdeseko Amabirjinaren oroigarri baten igeltsuzko moldeak hori distiratsuz margotu eta zutabe bat osatzen du haiekin, seriean errepikatu eta modu simetrikoan kokatuta. Erreplika hutsa direla aldarrikatzen du argi eta garbi horrela. Artistak artifizioari eskainitako monumentua egiten du, asko erreproduzitzen den herri-irudi bat erabiliz. Asta Groting egileak antzeko lana egiten du, eta, horren bidez, eguneroko objektu batek nortasun hibridoa hartzen du, originaltasunaren eta kopiaren arteko nortasuna hartu ere. Alde batetik, plateraren eginkizuna deuseztatzen du, oso tamaina handiko erreprodukzioak eginda. Bestetik, seriean ekoizteak erreplikak direla berresten du. Urre koloreak eta objektu horiek aurkezteko erabiltzen duen moduak simulazioaren eragin paradoxikoa indartzen dute. Allan McCollum-ek igeltsuzko moldeak seriean jartzen ditu eta honako ideia hauek hartzen ditu ardatzat: erreprodukzioa, esklusibotasuna eta originaltasuna gure gizartean. Artistaren 216 «ordezkoek» koadro txiki eta koloretsuen itxura dute, eta pinturen klonen eginkizuna betetzen dute oro har. Honako hau da pieza horien berezitasun nagusia: pieza guztiak kolore eta tamaina desberdinekoak dira, eta, beraz, bakarrak dira. Paradoxikoki, ordea, ez dira ez originalak, ezta kopiak ere. Peter Halley egileak abstrakzio piktorikoaren hiztegia bere eginez, geometria birkodifikatzen du, murrizpen eta konfinamendu gisa. Pintura geometriko horien bidez, arte mota horrek XX. mendeko abangoardietan zuen idealismoa zalantzan jartzen du artistak. Azken buruan, material sintetikoak eta oso kolore deigarriak erabilita, bizi garen eta lan egiten dugun espazioetako diagramak gogorarazten dizkiguten bistarako ereduak sortzen ditu. Haim Steinbach-ek simulazio-joko bat ezartzen du, artelana kontsumo produktu arrunt baten moduan landuz. Egitura generikoa eta itxura minimalista duten apalategiak egiten ditu, eguneroko objektu arruntak desira-objektu gisa erakusteko. Merkataritza-eragiketa baten simulazio hutsa da artista horren lana. Lanpasak eta palak erabiliz egindako obra hau, beraz, artearen testuinguruak objektuak sakratutzat jo eta kultura‑tramankulu bihurtzen dituen moduaren parodia hutsa da. Rosemarie Trockel-ek, makinaz ehundutako artilezko obran, bi logotipo jarri ditu aurrez aurre: Playboy etxearena eta ileki huts birjinarena. Betidanik emakumearena izan den jardueraren —puntua, alegia— produkzio industrializatua ironiaz beteriko ikuspegitik aurkeztu du, baita logotipo horien egitura errepikakorraren itxurazko neutraltasuna ere, emakumearen nortasunari loturiko sinboloak desegiteko. Perejaume artistaren obrak —errail batekin angelua osatzen duen urre koloreko markoa— pintura irudikatzeko tokia iradokitzen du. Jan Vercruysse artistaren idulki eta marko multzoak, ordea, arte-objektua irudikatzeko tokiaren presentzia bera irudikatzen du. Hala ere, leku hori isilarazi egin du artistak, ez-toki gisa eta aurkezteko kodeek sailkaturiko artearen baldintzak berriz pentsatzeko modu gisa aipatuz.

Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, Daniel Buren-ek tokiaren ideia landu du, eta artelana erakustea, horren pertzepzioa eta artelanak testuinguruarekin duen lotura ikertu ditu. Modulu aurrefabrikatuez egindako instalazioetan, pintura hiru dimentsiotan birdefinitzen du, arkitekturaren ideia kodetzat erabiliz. Obra horietan, barneko zein kanpoko espazioen, irekiduraz nahiz gardentasunez osaturiko espazioen arteko jokoa ezartzen du, ikuslea libre ibiltzera bultzatuta. Horrekin guztiarekin, museoaren espazio aseptikoaren simulazioa eta haren parodia egitea lortzen du. Antoni Muntadas egileak gure kultura globaleko identifikazioaren eta kategorizazioaren estereotipoak zalantzan jartzen ditu. Hainbat liburu-dendatan erabilitako sailkapen bibliografikoen irudiak erreproduzitzen dituzten hogeita hamahiru argazkiz osaturiko sorta honetan, kodifikazioen anbiguotasuna planteatzen du artistak. Sistema horren aldarrikatutako objektibotasuna antolamendu subjektibo bihurtzen da, antolatzen duenaren irizpidearen interpretazio bihurtu ere.

Roni Horn egilearen obran, artifizioa pertsonifikatu egiten da, pailazoaren irudiaren bidez, itxura uniforme eta konbentzionalak nortasuna ematen dion irudi sinbolikoaren bidez, alegia. Dena den, mozorro horren estereotipoa irauli egiten du Hornek, eta, keinu adierazkor ugari erabiliz, bizia ere ematen dio mozorroari. Aurpegi horren irudi zuri eta lausotua, modu sekuentzialean aurkeztua, irudi ugaritan zatikatzen da, aurpegiaren kalteberatasuna erakustearren.

Zoru faltsu eta engainagarriaren bidez, ziurgabetasuneko eta harridurako egoera sortzen da. Espazioaren hondoan, panpina sabeliztun bat ikus daiteke, eta ikuslearen zain dagoela dirudi. Juan Muñoz artistak ez zituen bere egin jabekuntzaren eta dekonstrukzioaren ideiak. Fikziozko espazioak dira Muñozen lanaren ardatza, antzerki-efektuak baliatuz egindako espazioak hain zuzen ere, horien bitartez ikuslearen pertzepzioa probatzeko.

Waste Land izeneko obrak —izen horrek T.S. Elliot idazlearen poema gogorarazten du— ikusten denaren eta berez ez denaren arteko joko anbiguoa ezartzen du, eta ikusleari erronka egiten dio itxuraz begira duen irudi baten bidez, isilik eta irribarrez dagoen irudi baten bidez, alegia. Sabeliztun mutua da, bakardadeak eta komunikatzeko zailtasunak agian aho bete hortz dutena.

Nimfa Bisbe, erakusketaren paratzailea
Testu laburpena itzuli