Amable Arias banbalinetan

Mikel Lertxundi Galiana komisario duela, erakusketak artistak 1955 eta 1959 artean egindako marrazki eta akuarelak aurkezten ditu, urte haietan bere amari laguntzen baitzion Donostiako Antzoki Zaharreko jantzizaindegian, eta unibertso hura ezagutzeko multzo bikaina osatzen dute

Amable Arias banbalinetanErakusketaren kartela
  • 2023ko otsailaren 18tik uztailaren 2ra
  • Asteartetik igandera
  • Martxoaren 26ra arte: 10:00-19:00 | Martxoaren 28tik uztailaren 2ra: 10:00-20:00
  • Sarrera librea
Dalvi y Mari Jimenez. Amable Arias, 1957
Izenbururik gabea. Amable Arias, c. 1955-1957
Josefina. Amable Arias. c.1955 1957
La espera. Amable Arias. c.1955-1957
La vedette. Amable Arias, c.1955-1957
Sr Roses. Amable Arias. c. 1955-1957

Katalogoa

Antzoki Zaharra saila —Maru Rizok 2022an San Telmo Museoari dohaintzan emana— fundazionaltzat har daiteke Amable Ariasen obran. Akuarela eta marrazki sorta horretan, hastapenetakoa oraindik, behatzeko ahalmen aparta garatu zuen artistak, ingurune ezohiko batean garatu ere: joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadako antzerki ibiltariaren esparruan, hain zuzen.

Amable 1942an iritsi zen Donostiara, bizitza osorako arrastoa utzi zion eta gaztaroaren parte bat kanpora atera ezinik igarotzera behartu zuen istripua gertatu eta sei urtera. 1948 inguruan, pinturako eskolak hartzen hasi zen Ascensio Martiarena maisuarekin; hark gomendatu zion, hain zuzen ere, ikusten zuen guztia bere koadernoetan adieraztea, marrazki eta akuarela bidez.

1951n, Amableren amak Antzoki Zaharreko arropazaindegiaren ardura hartu zuen. Garai hartan, programazio heterogenoa eskaintzen zuen antzokiak, ihesbideko ikuskizunak nagusi zirela, errebistak bati bat. Emanaldi haietan, emakumea zen izar nagusia, baina ikuspegi maskulinotik begiratuta, betiere, erotismoa lehentasuntzat hartuta. Gainera, ordura arte ezagututakoaz oso bestelako mundu femenino bat ezagutzeko aukera eman zion antzokiak Amableri. Batik bat vedette eta koristekin izan zuen harremana (Lina Morgan, Queta Claver, Virginia Frediani...), baina antzezleak, abeslariak, musikariak, dantzariak, komikoak eta abar ere ezagutu zituen.

Banbalinetako giro hura dago 1955 eta 1959 bitartean sortutako obra sorta honen jatorrian. Sintesia eta protagonisten hazpegiak oro har agerian ez izatea ezaugarri dituzten arren, errealismo bizia darie irudiei, artistak modeloen jarrera atxikitzeko zuen ahalmen harrigarriari esker. Horien artean, pose kontzienteak dira gehienak, baina badira, halaber, une lapurtuak, halako nahi gabeko intimitate bat erakusten dutenak.

Antzokiko giro hartan murgiltzea baliagarria izan zitzaion bere heltze-prozesua suspertzeko, etenda geratu baitzitzaion, bai eta ondorengo bere unibertso berezia taxutzen lagunduko zion zentzu kritikoa garatzeko ere.

Erakusketa irisgarria

Ikusmen urritasuna dutenek areto testu egokituak deskarga ditzakete sakelekora erakusketa bisitatzeko, Begiris Elkarteari esker.

Jarduerak

Museoak erakusketarekin lotutako hainbat hitzaldi eta jarduera antolatu ditu erakusketan ikuspegi ezberdinetatik sakontzea ahalbidetuko dutenak.

  • Kamishibai. Artista tailerra Iñaki Martiarena "Mattin"ekin.
    Familia tailerra
    Martxoak 4, 11, 18, 25, 17:00
    5 € familiako (4,5 € bazkideentzat)
  • El teatro Principal: Amable entre bambalinas, Mª Carmen Alonso Pimentel
    Hitzaldia
    Martxoak 5, 12:00
  • Amable Arias entre bambalinas, Mikel Lertxundi Galiana
    Bisita gidatua
    Apirilak 28, 18:00

Ikusi hemen jardueren inguruko xehetasun gehiago

Erakusketaren liburuxka deskargatu