Bizitza

BIZITZA erakusketak Gervasio Sánchez argazkilariak 1991 eta 2015 artean munduko hainbat gerratan egindako 45 argazkiren sorta biltzen du. Argazki horiek VIDA izenburuko argitalpen batean jasotako proiektu zabalago baten parte dira. San Telmo Museoko Laborategian egongo da ikusgai apirilaren 1etik ekainaren 12ra. Gerardo Mosquera da komisarioa erakusketa honetan.

  • 2022ko apirilak 1 - ekainak 12
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00
  • Sarrera dohainik
Neska bat hiri bateko hondakinen artean. Djakova (Kosovo), 1999ko ekaina
Dozenaka elbarri beren protesien azterketaren zain. Battambang (Kambodia), 1996ko abendua
Adis Smajic, mina baten biktima, bere emazte Nadiarekin. Sarajevo (Bosnia-Herzegovina), 2007ko uztaila

 

Erakusketa honek Gervasio Sánchezek hainbat garai, leku eta testuingurutan ateratako 45 argazki hautatu biltzen ditu, asko lehen aldiz jendaurrean ikusiko direnak. Aurreko liburu eta erakusketetan ez bezala, ez dira gai, jatorri edo daten arabera banatu, bere erreportari-lanaren arabera ohikoa izango litzatekeen bezala, planeta osoan barrena gatazka armatuetan bereziki lan egin duen erreportaria dela kontuan hartuz. Sánchez mundu mailako erreportari handi bat dela esan dezakegu, baina erakusketa honetan beste modu batean erakusten dugu: irudiaren artista gisa daukan neurria azaltzen dugu.

Gervasio poeta bezain erreportaria da, kontradikziorik gabea. Ez du hedonismoa bilatu, edertasuna modu zorrotzean baizik, gerraren eta indarkeriaren tragedia erakusten diguten irudien zentzua indartzeko eta sakonago bihurtzeko gai. Ez du zorigaitz hauen estetika bat sortzen: artearen botere kognoszitibo eta komunikatibo berezien eta inpaktu estetikoaren bidez kritikatzen ditu. Antonio Muñoz Molinaren hitzetan: “Bere kameraren atzipen bakoitzean beti dago salaketa eta beti dago poesia”.

Goyatik edo Robert Capatik hasi eta gaur egungo erreportari mediatikoetara, gerrako kronistak beti izaten dira heriotzaren erreportariak. Sánchez bizitza-erreportaria da, indarkeria suntsitzailearen gainetik bizitzaren garaipena erakusten duen erreportaria. Ikuspegi hori da bere lan guztia fokuratzen duena, eta horixe da erakusketa honen ardatz tematikoa. Poeta batek, John Yau-k, dagoeneko heroirik ez dagoela esan du: bizirik irauten duten pertsonak besterik ez daude. Baina bizirik irauten dutenak garaileak ere izan daitezke, eta Gervasiok horiexek erretratatzen ditu, bizitzara berriz itzultzen diren garaileak.

Bere irudiek zera erakusten dute, bizitza nola garaitzen den ororen gainetik, gerraren eta heriotzaren hondakinen erdian nola azaltzen den, gerra eta heriotza gaindituz. Alaitasun paradoxiko bat adierazten dute maiz, alaitasun urratzailea, deuseztatuta geratu nahi ez duen bizitza dokumentatzen dutelako. Minetatik, desagertuetatik, bonbardaketetatik eta Sierra Leonatik haratago, horixe baita istorio nagusia, Gervasio Sánchezek erreportatzen digun aktualitate iraunkor eta historikoa ez den gertaera handia.

Gerardo Mosquera
Komisarioa

 

Erakusketaren liburuxka deskargatu

Egin zoom Arteari