NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

1966 | Gaur konstelazioak | 2016

Donostia 2016 Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa urtarrilaren 23tik maiatzaren 15era izango da ikusgai museoan. Fernando Golvano komisario duela, erakusketak 50 urtez banatutako bi testuinguru artistiko erakusten ditu: Gaur mugimendua eta Kairós garaikidea. Honekin batera, Dionisio Barandiaran mezenasaren galeria -bertan aurkeztu zuten Gaur Taldea eta han egin zuten bere lehen erakusketa- eta bere figura ere gogoratuko dira.

  • 2016ko urtarrilaren 23tik maiatzaren 15era
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00
  • Astearteetan, sarrera dohainik
  • #GaurKonstelazioak

Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Néstor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, José Antonio Sistiaga eta José Luis Zumeta artistek osatzen dute euskal artearen konstelazio garrantzitsu eta berritzaileena. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, diktadura frankista zela eta, ez zen erraza kultura- eta politika-sorkuntzari bide ematea. Hori zela eta, artista horiek guztiak elkartu egin ziren, Gaur Taldea sortzeko, eta, 1966an, beren burua jendaurrean aurkeztu zuten, erakusketa eta manifestu baten bidez, Barandiaran galerian (Donostia). Berrogeita hamar urte igaro dira poetika eta arte-hautaketa anitzeko hainbat artista elkartu zituen gertakari kultural eta disidente hartatik. Artearen oinordetza moderno bat berreskuratzeko gogoa ere bazegoen, Euskal Eskola bat; izan ere, Gerra Zibilak eta diktadurak bertan behera utzi zuten egitasmo hori. Hori zela eta, beste talde batzuk ere sortu ziren: Emen (Bizkaia), Orain (Araba), Danok (Nafarroa) eta Baita (Iparraldea). Nabaria zen abangoardia artistikorako zegoen gogoa, eta Oteiza eta Chillida izan ziren mugimendu horren ordezkari ezagunenak nazioartean. Gaur Taldean bertan eta talde desberdinen artean desadostasunak egon ziren artea ulertzeko moduari eta gizartean eta politikan zituen eraginei zegokienez. Ondorioz, azkenean taldeko abentura hau bertan behera geratu zen eta galeria itxi egin zen. Alabaina, garai hartako obrak baditugu, eta gure irudimena eta sentikortasuna poetikoki interpelatzen jarraitzen dute oraindik ere.

Erakusketa honen harira, omenaldi bat egin nahi diogu Dionisio Barandiarani (Ataun, 1927 – Donostia, 1979), bera izan baitzen, hain zuzen ere, arte konposatuko hainbat erakusketa barne hartu zituen Barandiaran galeriaren mezenasa (1965-1967). Galeria honek gutxi iraun bazuen ere, protagonismo handia izan zuen Euskal Herriko artearen eta kulturaren berrikuntzan: Gaur Taldearen egoitza izan zen, baita horrekin lotutako beste zenbait talderena ere; esaterako, Ez Dok Amairu (musika herrikoia), Argia (dantza) eta Jarrai (antzerkia). Horrez gain, arte desberdinei buruzko erakusketak, entzunaldiak eta mahai-inguruak antolatu zituen, baita beste hainbat ekitaldi ere, garai hartan nagusi zen zentsuraren mugak saihestuz.

Kairósen, Gaur Taldean parte hartu zuten artistak baino geroagoko belaunaldietako eta errealitate nazional desberdinetako zortzi artistak hartzen dute parte: Txomin Badiola, Bojan Fajfric, Goldschmied & Chiari, Iratxe Jaio + Klaas van Gorkum, Eugenio Ortiz, PSJM, Avelino Sala eta Azucena Vieites. Horien obrek elkarrizketak ezartzen dituzte elkarren artean eta, aldi berean, Gaur Taldeko artistek hirurogeiko hamarkadako testuinguruan eginiko obrekin.

1966 | 2016: bi testuinguru soziohistoriko, artearen bi konstelazio, pentsa eta esperimenta daitekeenaren figura berriak proposatzen dituztenak.

Erakusketaren osagarri gisa, Blamik 1966. urteko Gaur Taldearen efemerideen inguruko interbentzio bat aurkeztuko du eta taldearen memoria-irudi baten diseinuan datza.

Gaur aldi berean

San Telmo Museoan ikus daitekeenaz gain, Gaur Taldeari eta bere artistei buruzko erakusketak programatu dituzte beste egoitza batzuetan.

Jarduerak

Ate irekiak

Urtarrilaren 23an, 20:00etatik 23:00etara.

Familientzako tailerrak

Bukaera gabeko metrajea, Txakur urdina, Klarion laborategia

Gazteentzako tailerrak

Publiko gazteari zuzendutako kamiseta pertsonalizatuen tailerra Blami-rekin.

Proiekzioa

"Euskal ondarea pantailara” zikloaren baitan, Sistiagaren Ere erera baleibu Izik subua aruaren... (1968-70) proiekzioa (75 min) Tabakaleran. Martxoak 10, osteguna. 19:00 / 3,5 €.

Jardunaldiak

Gaur taldea. Memoria eta gertaera. Apirilak 20 - 21. San Telmo Museoa.

Mintegia

Kairós. Testuinguru kritikoak, artea eta idazketa. Apirilak 26-27.

Oharra: ikusi hemen 1966 | Gaur konstelazioak | 2016 erakusketarekin lotutako jarduerak eguneratuta

Bisita gidatuak

  • Urtarrilak 23, larunbata, 11:00. 1966 | Gaur konstelazioak | 2016 Donostiako erakusketetara bisita, Fernando Golvanok gidatua. Bisita gidatua Okendo Kultur Etxen hasiko da (Basterretxea, Sistiaga eta Zumetaren lanak daude ikusgai), ondoren Kur Art Galleryra joango da (Mendiburu eta Amable Ariasen lanak daude ikusgai) eta Altxerri galerian amaituko da (Balerdiren lanak daude ikusgai). Doan.
  • Martxoak 12. Bilboko Arte Ederren Museora eta Chillida-Lekura bisita. Doan. Edukiera mugatua. Euskara eta gaztelania. Izena emateko: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu / 943 483344.
  • Martxoak 19. Jorge Oteiza Fundazio Museora bisita. Doan. Edukiera mugatua.Euskara eta gaztelania. Izena emateko: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu / 943 483344.
  • Larunbatero (urtarrilaren 30etik aurrera): 12:30ean euskeraz, 17:30ean gaztelaniaz. 3€ + museoko sarrera. Bisita hauetarako ez da izena eman behar.
  • Taldeentzako bisita gidatuak hitzartzeko: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu / 943 481561 

 

Biografia laburrak

DIONISIO BARANDIARAN (Ataun, 1927 - Donostia, 1979)

Ataunen jaiotakoa, gerra zibila hasi zenean Donostiako Easo plazara joan zen bizitzera senitarteko batzuen etxera. Gaztetan kafetegi bateko lana eta Arte eta Lanbide Eskolako ikasketak uztartu behar izan zituen. Beranduago, ostalaritzan eta eraikuntzan aritu zen lanean. Zarautzen Euromar Hotela eraiki zuen. Bertan, Euskadin aitzindari izango zen ostalaritza-eskola zabaldu zuen. Euromarren hainbat kultur ekitaldi burutu ziren. Ekitaldi horietako batean Sistiaga eta Amable ezagutu zituen, eta beste galeria bat zabaltzeko ideia sortu zen.

Barandiaran, kristau sinesmen sakonekoa eta abertzaletasunarekin konprometitua,  enpresa jardueretan ekintzaile haundia izan zen eta kulturaren esparruan, galeriaz gain, zinema bat zabaldu zuen. Ezin izan zuen bere memoriak idazten amaitu, 52 urte zituela hil baitzen. 2009an Azarolako Dunixi izenburupean argitaratu ziren.

Dionisio Barandiaranen figurak esker-on publikoa merezi du, bere izena eraman zuen eta Oteizak arte konposatuko erakusketen ekoiztetxea deitu zuen galeria bultzatzeko egin zuen apustu eskuzabal eta ausartagatik. Ibilbide laburra izan zuen arren (1965eko azarotik 1967ko abendura arte), galeria hau arteen arteko topagunea izan zen. Horretaz gain, arteari, poesiari eta musikari lotutako abangoardiako kultura baten, eta askatasunak eta euskara debekatuta zeuden testuinguru frankista batean herri-kultura euskaltzalearen beste adierazpen batzuen arteko topagunea ere izan zen.

BARANDIARAN GALERIA (1965-1967)

Arte konposatuko erakusketen produktorea.

Donostiako Bengoetxea 4an kokatua, galeria hau Gaur Taldearen, eta Ez Dok Amairu (musika herrikoia), Argia (dantza) eta Jarrai (antzerkia) bezalako beste talde batzuen egoitza izan zen. Musika garaikideko eta poesiako hitzaldiak, entzunaldiak eta erakusketak, eta garai hartan indarrean zegoen zentsuraren mugak ekidin behar zituzten beste ekitaldi batzuk programatu zituen. Julio Campal poeta esperimentala izan zen bertako lehen zuzendaria. Aurrerago Santi Diazek ordezkatu zuen.

Gaur Taldea erakusketa eta katalogo batekin aurkeztu zen. Bertan, euren sortzeko askatasuna eta proiektuak defendatzeko artisten bateratzea sustatzen zuen adierazpen bat jasotzen zen. Finantzatzeko zailtasunak, talde elkartu horien etorkizunaren aurrean sortutako diferentziak eta jarduerak beste herri, ikastegi eta lantokitara zabaltzeak diferentziak eta eztabaidak eragin zituzten. Horretaz gain, Francoren aurkako militantzietara eta erakundetara atxikitako pertsonen artean sortu ziren liskarrek proiektu berritzaile horren amaiera ekarri zuten.

AMABLE ARIAS (Bembibre, 1927 - Donostia 1984)

Marxismo kritikoa gogoko zuen artista eta poeta honek 1969an hau idatzi zuen: «Artea, beraz, zerbaiten alde eta zerbaiten aurka dago. Errealista txikienean ere bada aukeratzeko zerbait. Munduan aukeratzeko modu bat. (…) Artea, beraz, zientzia, filosofia eta teoria kritikoa bezalakoa da. Material diferenteekin gauza bera bilatzen du». Heterodoxia artistikoa landu zuen unibertso bisual eta poetiko baten bitartez, mundu errealaren eta irudimenekoaren artean ibiltzeko. Ironia eta satira erabiliz munduarekin eta desioekin auzitan jarduteko baliabide gisa.

RAFAEL RUIZ BALERDI (Donostia, 1934 - Altea, 1992)

1956an Parisera egindako bidaia baten ondoren bere pintura informalismo abstrakturantz bideratzen da, aldi berean modu konpultsiboan eta arrazionalean errepikatzen duen keinu bidezko ekintza baten bitartez. Honako hau idatzi zuen: «errepikapena bizitzen ikasi behar da», eta esan daiteke keinu horrek forma berriak sortzen dituela, marrazketaren eta kolorearen erabilera liluragarriaren bitartez, esperientzia errealetatik edo irudimenetik gogoratutako irudimeneko paisaiak osatzen dituzten forma organiko eta geologikotan gauzatzen da. 1977an bere argizari-serie bikainak hasi zituen.

NESTOR BASTERRETXEA (Bermeo 1924 - Hondarribia, 2014)

Sormen-modalitate guztiak landu zituen: marrazkigintza, pintura, irudikapena, collageak, erliebeak, eskulturak, diseinu grafikoa eta industriala, zinema eta idazketa. Arrazionalismo abstraktuaren abangoardia modernoarekiko hasiera erakutsitako interesetik, hirurogeiko hamarkadaren erdialdean informalismo espresionistari lotuagoak zeuden beste aukeraketa artistiko batzuk gehitu zituen. Poetika horrek forma hartu zuen Cosmogónica Vasca (1972-1977) bezalako eskultura-serietan. Bertan, nortasun garaikide baterako iruditeria mitiko eta antzinakoa islatzen dira.

EDUARDO CHILLIDA (Hernani, 1924 - Donostia 2002)

1951n bere burdinazko eskultura-lanak hasi zituen, Yunque de sueños izeneko seriekoak bezalakoak. Zura, terrakota, alabastro, zeramika, hormigoia, altzairua eta papera bezalako beste material batzuek ere itxura plastikoak eta poetikoak hartzen dituzte antzinako eta gaur egungo elementuen inbrikatze misteriotsuan. Bere eskulturak edo collageak topaguneak dira. 1958an Veneziako Bienalaren Eskulturako Nazioarteko Sari Nagusia eskuratu zuen. Hainbat modalitate grafikotan argitaratutako bere artista-liburuekin batera poeta, idazle eta filosofo garrantzitsuen testuak aurkituko ditugu.

REMIGIO MENDIBURU (Hondarribia, 1931 - 1932)

1966an Gaur Taldearekin erakusketak egin zituen, eta ondoren, Veneziako Bienalean hartu zuen parte. Herri-imajinarioari beste forma bat emateko asmoz, eraikuntza abstraktuak egitea erabaki zuen ukitu informalista emanez. Zura erabiltzea lehenetsi zuen eta eraikuntza-tradizioa berritu zuen Argi hiru zubi (1968-1977) lanean bezala hoditxoen bidez lotutako piezak mihiztatuta. Brontzea eta alabastroa ere erabili zituen, eta hirurogeita hamarreko amaiera aldera hormigoia bezalako materialen erabilerak arakatu zituen. Marrazkiaren bitartez bere eskulturetan erabiliko zituen matrizeak izango ziren forma organikoak marratu zituen.

JORGE OTEIZA (Orio, 1908 - Altzuza 2003)

Arteak sentsibilitatea hezteko funtzioa dauka eta giza existentziaren izaera tragikoarekin auzitan jarduten laguntzen du. Postulatu honetatik abiatuta, Oteizak sorkuntza artistiko, poetiko eta intelektual poliedrikoa sustatzen du, eskulturatik abiatuta poesiara eta kultur ekintzara zabaltzen dena. Sao Pauloko IV. Bienalean eskulturako Nazioarteko Saria eskuratu zuen Propósito experimental (1956-57) lanaren, eta espiritualtasun liberatu baterako hutsune konklusibo eta harkorra laburbiltzen duten beste azken kutxa metafisikoen ondoren, 1959an arte-praktikak bazterrean utzi zituen, eta poesia eta entseguak idazten eta arkitekturako proiektuetan parte hartzen jardun zuen.

JOSE ANTONIO SISTIAGA (Donostia, 1932)

Parisen (1955-1961) bizitzen egon zenean nuagisme bezala ezagutzen zen pinturan eta zen baretasunean interesatu zen. Sistiagaren pintura informalista eta abstraktua ekintza paradoxiko batetik sortu zen, trazu espontaneo eta kalkulatu bat lotzen baitzituen. Esan daiteke musika-oihartzunak, edo naturaren, gauaren eta kosmosaren kutsu bisualak gogoratzen dituztela. Film-euskarrian pinturaren esperimentazioan aitzindari izan zen, eta Ere erera baleibu izik subua aruaren...(1968-70) bere lehen lana izan zen. Bere pinturetan laburtutako ekintza dinamikoa keinu bidezko formen eta forma kromatikoen aldi bateko narrazio bihurtu zen.

JOSE LUIS ZUMETA (Usurbil, 1939)

Gaur taldeko gazteena zen artista honek ere 1959an Parisera egindako bidaia batean arte modernoaren joerak ezagutzeko aukera izan zuen. Bere pinturan aukeraketa formal diferenteak atzeman daitezke, abstrakzio espresionistatik (art brut izenekoarekin antza duena) figurazio espresionistara doazenak, edo beste une batzuetan pop kutsua duten formak erabiltzen ditu. Hirurogeiko hamarkadaren amaiera aldera, euskarri eta erliebe diferenteren gainean muralak egin zituen, adibidez erakusketa honetan ikus daitekeenetako bat. Eskulturaren forma zuten pintura hedatuak eta lan mugikariak ere egin zituen. Koloreak garrantzi berezia du bere konposizioetan.

PSJM (Berlin, 2003)

Pablo San Jose (Mieres, 1969) eta Cynthia Viera (Las Palmas, 1973)
Amaierako artearen marka komertzial baten moduan dihardu PSJMak. Merkatuaren aurrean artelanari, kontsumitzailearekin komunikazioari, haren funtzio estetikoei eta kapitalismo ikusgarri nagusiaren gaur egungo garapenean sortzen diren paradoxei buruzko gaiak planteatzen ditu. “Historia Naturala” hainbat obrek osatzen dute. Bertan artistek, forma eta teknika berriak erabiliz, aurreko serie batzuetan jada aurreratu zuten lengoaia propioa garatzen dute: datu estatistikoei erantzuten dieten konposizio abstraktuak eta, kasu honetan, erregai fosilen produkzio eta kontsumo masiboak larriki kaltetu duen gure ekosistemaren errealitatea islatzen dute.

AVELINO SALA (Gijón, 1972)

Artista, komisarioa eta editorea (Sublime aldizkaria) da.  Bartzelonan bizi da eta bertan egiten du lan. Bere jarduera artistikoaren bitartez imajinario soziala arakatzen saiatzen da eta artearen dimentsio kritikoa lehenesten du, gaur egungo errealitatearen aurrean iritzia sorrarazteko. El arconte (2015) lanean boterea (arconteren irudi greziarraren bidez irudikatua), zentsura, hezkuntza publikoaren defentsa eta Sapere Aude! (ausartu zaitez ikasten!) latinezko esaeraren bidez ilustratutako proiektua berreskuratzea bezalako gaiak lotzen ditu. La tortuga (2015) proiektuaren ezkutuei buruzko bere seriean ironia erabiltzen du errealitateari eta irudimenari buruz memoria batek ezar dezakeen ekintza artistikoaren erresistentzia-papera azpimarratzeko.

TXOMIN BADIOLA (Bilbo, 1957)

Arteak eraiki ditzake bere gorpuzkerari eta zentzuari buruzko autogogoeta bat erakusten duten hainbat objektu, irudi eta testu osatzen duten forma konplexuak. Era horretan artearen edo alderdi sozialaren historian bertan arakatzen du. Eraikuntza formala da erabakigarria, finkatutako zentzuarekiko haren botere negatiboa aukeraketa kritikoen (etikoak, estetikoak eta politikoak) kairós batean erakusten da. Erakusketa honetarako egindako MITOLOGÍAS. ATZO / HAN / ONDOREN / BATZUK bere lanean Gaur Taldearen memoriarekin, bere esanahi historikoekin, kulturalekin eta EAE taldearena bezalako beranduagoko beste ekimen artistikotan konstelazio mitiko hori jasotzearekin elkarrizketa bat ezartzen du.

EUGENIO ORTIZ (Hondarribia, 1956)

Pinturaren eta eskulturako objektuaren artean, bere lanek forma konstruktiboa eta sinbolikoa antolatzen dute, testuen arteko hainbat loturarekin. Plaza Hamelin (2012) lanak gure bizitzaren ibilbidea bideratuko duten irudien eta espazioen beharra plastikoki planteatzen du arazo moduan. Ceremonia (2015) lanean Mallarmé-ren memoria bat berregiten du, baita absolutu baten bilaketa irrikatzen zuen eta, aldi berean, ezinezkotasun horri buruz hausnartzen zuen ikerketa poetikoa ere. Horrela, idazketaren eginkizunera mugatutako eta edozein existentziatan dagoen zoriarekin auzitan ibili ahal izango den saiakera poetikoa geratzen da. Bere pieza/instalazioaren bitartez, Ortizek Mallarmé eta beste artista batzuk (Duchamp), poetak (Celan) edo pentsalariak (Badiou edo Ranciére) oroitzen dizkigu.

AZUCENA VIEITES (Hernani, 1967)

Madrilen bizi da eta bertan egiten du lan. Erreakzioa-Reacción kolektiboan parte hartzen du, kutsu feminista duen sormen artistiko eta kulturaleko espazioan. Marrazketa, collagea, grafika edo instalazioa bezalako baliabideen bitartez, forma kritiko bat adierazten uzten dioten fanzine eta argitalpenen testuarteko jabetzeen gailua erabiltzen du. New Feminism (2008) seriean integratutako bere proposamenetatik erakusketa honetan aurkezten dituen instalazioetara –Fundido encadenado–Break You Nice (2012) eta Producciones low-fi (2015)–,  Vieites immigrazioaz, enpleguaren egonkortasun-ezaz, indarkeria matxistaz, sexualitatez edo gorputz-errealitate berriez arduratzen da. Irudi dislokatuek edo zatikatuek diskurtso totalizatzaileak gezurtatuko lituzkete.

IRATXE JAIO + KLASS VAN GORKUM

Markina-Xemein, 1976 | Delf, 1975
2001ean hasi ziren elkarrekin lanean. Rotterdamen bizi dira eta bertan egiten dute lan. Euren iritziz praktika artistikoa modalitate zuhur eta politiko bezala ulertu behar da. Egi arkeologiko baten estatutu problematikoari buruz –Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikoan aurkitutako arrastoen eztabaidari buruzkoa bezala–, edo artearen historian jabetzaren orijinalaren, autoretzaren eta poetiken gaiaren inguruko kereilei buruz, kultura eta prozesuan jartzeko azken forma hartzen duen ekintza zuhurra eta ikertzailea garatzen dute. Artea teorizatzen den praktika bat bezala ulertzen dute, komunaren politika bat eta antropologia bat berritzen duen memoria kritikoa bezala.

BOJAN FAJFRIC (Belgrad, 1976)

Amsterdamen bizi da eta bertan egiten du lan. Generoen konbentzioen arteko mugak desegiten dituzten filmetako lengoaiak eta irudien potentzia formalak erabiltzen ditu, zentzuen eta zentzugabekerien sorta bat mugiarazteko. Aurkezten dituen bi instalazioetan bitxikeria ironiko bat ikus daiteke: Bas Jan Ader-en –artista holandar ezaguna– lan baten remakean, zein The Cause of Death (2015) filmean. Konposizio-egitura, formaren lana eta absurdoaren poetikari lotutako distantzia ironikoa eta parodikoa, fikzio eta esanahi berriak adierazten dituen egite dokumental batean gainjartzen dira.

GOLDSCHMIED & CHIARI

Sara Goldschmied (Arzignano, 1975) eta Eleonora Chiari  (Roma, 1971)
Milan eta Erroma artean bizi dira eta han egiten dute lan. Arte garaikidearen dimentsio kritikoa eguneratzeko argazkiz, collagez, bideoz, objektuz edo instalazioz baliatzen dira. Arte garaikideak, bere autonomian oinarrituta, finkatuta dauden imajinario sozialak asaldatu edo inpugnatu egiten ditu. Adibidez, La Democratie est Illusion (2014) lanean, autoezarpen esplizituaren eta automugatzearen erregimen hori, elite politiko eta ekonomikoen eskutan, ilusioen eta marketineko joko batean nola bilaka daitekeen aztertzen dute. Artearen erregimen estetikoa ahalbidetzen duen distantzia ironikoak bere helburu propagandista, morala edo sakratua indargabetu dezake. Horretan oinarrituta, artista hauek, gogarte kritikoa eta enigma estetikoa eguneratzeari utzi gabe, publiko desberdinekin elkarrizketa bultzatzen ahalegintzen dira.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: