San Telmo Museoak Remigio Mendibururen (Hondarribia 1931 – Bartzelona 1990) Txalaparta (1965) eskultura txertatu du bere bilduman eta erakusketa iraunkorrean. Pieza hau Mendibururen obraren eta euskal artearen pieza esanguratsua da, eta Ez Dok Amairu (1960-70) musika mugimenduaren ikono eta logoa izan zen. Artistaren familiari erosi dio museoak Txalaparta; Mendibururen lanak kontserbatu eta ezagutzera emateko lan garrantzitsua egiten du bere familiak, eta haiek erraztu dute ere Txalaparta San Telmo Museoko bildumaren parte izatea.
Museoak bazituen Remigio Mendibururen lanaren adibide batzuk bere erakusketa iraunkorrean. Hala, euskal arteari eskainitako aretoan, Burua (1979) eta Izenbururik gabe (1973-1974) daude. Baina Txalaparta obrak 60ko hamarkadako arte eta eskultura mugimenduari eskainitako eremua aberasten eta osatzen du, eta laguntzen du garaiko artistek kultura tradizionalaren sinboloak unean uneko hizkuntzetara egokitzeko eta aldatzeko zuten interesa islatzen. Txalapartak Oteiza, Chillida, Amable Arias, Sistiaga, Zumeta, Basterretxea eta Ruiz Balerdiren lanekin partekatuko du espazioa museoan.
Txalaparta Remigio Mendiburuk zurezko habeekin egindako lehen lanetako bat da; haritz egurrez egina, 86 x 430 x 68 cm ditu. Eskultoreak material organiko horrekiko eta herri kulturako elementuekiko zuen interesaren isla da, bai poetikoki zein kontzeptualki.
1965ean aurkeztu zen lehen aldiz Madrilgo Neblí Aretoan, eta urtebete geroago, Donostiako Barandiaran galerian Gaur erakusketari buruzko erakusketan. Lanak sortu zuen miresmena zela-eta 1967an Nestor Basterretxea eskultoreak Ez Dok Amairu musika mugimenduaren logotipo eta ikur bilakatu zuen.
Eskultorearen ondorengo lanetan ere islatuko da Txalapartaren arrastoa, baina bere izaera artistikotik harago, euskal kulturaren pieza ikonikoa bihurtu zen.
Txalaparta museoaren bilduman eta erakusketan sartu dela eta, San Telmok Fernando Golvanori enkargatutako ikerketa bat argitaratuko du bere webgunea: Mendibururen Txalaparta: enblema eskultoriko eta kulturala. Estudioa Miakaren laugarren zenbakia izango da, museoak formatu digitalean argitaratzen dituen ikerketa koadernoak, hain zuzen ere.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2021 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: