NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Zaharberritutako 10 kanoi ikusgai museoko klaustroan

  • Asteazkena, 2020(e)ko Abendua(r)en 23-(e)an

San Telmo Museoak zaharberritutako 10 kanoi jarri ditu ikusgai klaustroan, udaberrian Urgull mendira eraman aurretik. Kanoi hauek Donostiaren historiarekin lotuta daude. Hiribilduaren kokapen estrategiko eta mugakideak hiriaren historia markatu du, batez ere XVI. mendetik XIX. mendearen amaierara arte, eta mendeetan zehar goarnizio militarrekin bizi izan zen populazioa.

Ondorioz, hauetaz gain, bereziki Urgullen eta bere inguruan, hiriaren iragan belikoaren lekuko diren beste hainbat kanoi aurki ditzakegu eta museoak ondare honen kontserbazioa eta zaharberritzearen ardura dauka. Guztira, 48 kanoi daude, kategoria ezberdinetan sailkatzen direnak: itsas kanoia, kanoi luzea, lonbarda, kulebrinaren herena, 7,5eko bateria, etab. Gehienak burdinez eginak daude burdina urtuz, eta gutxi batzuk brontzezkoak dira. Funtsean, kanoien tipologia da lur-kanoiena eta itsasontzi-kanoiena, eta azken hauek askoz txikiagoak dira.

 

Museoko klaustroan egun ikusgai dauden hamar kanoi hauen kasuan, zortzi itsasontzi-kanoiak dira eta beste biak, handiagoak, lur-kanoiak. 2009-2010 urteetan zaharberritze tratamendu bat egin zitzaien eta ondoren Urgull mendiko Napoleonen bolborategian gorde ziren. Bertako hezetasuna zela-eta oxidazioaren eragina ekiditeko, beste zaharberritze bat egin zen 2018-2019an: elektrolisiaren bidezko kanoien korrosioa ezabatzea. Azken tratamendu hau Gordailuan egin zen, Foru Aldundiaren Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, bertan baitaude ondare mota honen kontserbazioa modu hoberenean egin ahal izateko berariaz prestatutako baliabideak.

Zaharberritze tratamendu horri esker kanoiak beren kokapenera itzuliko ditugu 2021eko udaberrian eta berriro Urgull mendian ikusi ahal izango dira.

Urgull esploratzeko aitzakia

Mendian zehar kokatuta dauden kanoi eta bestelako ondare elementuak ezagutzeko gonbitea egiten dizuegu San Telmo Museotik abiatzen den ibilbidea jarraituz, horretarako 2020ko udan prestatu ditugun mapa eta URGULL app-a erabilita. Museoko sarreran eska dezakezue mapa, eta baita, dohainik eta bertako wifia baliatuz, app-a jaitsi, ondoren konexiorik gabe funtzionatzen duena.

Bi elementu horien bitartez, gaur egun arte iraun duen bide eta gotorlekuz osatutako egitura ezagutu eta bertako txokoetan galtzeko ibilbide bat proposatzen dizuegu, eta besteak beste, Motako Gazteluaren plataforman kokatuta dagoen Rosita Waicker izeneko bonbarda bezalako altxorrak ezagutzea.

Egin zoom arteari


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: