NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Jose Mari Zabala izango da Museo Bikoitzako hurrengo artista

Soto, Zabala, Insausti eta Maneros, aurkezpenean. Argazkia: O. Moreno
  • Asteartea, 2020(e)ko Ekaina(r)en 23-(e)an

San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Jose Mari Zabala izango dela, Erlea Maneros Zabalak hala hautatuta.

Programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Maneros Zabalak Jose Mari Zabala hautatu du, eta hurrengo urtebetean Irunen jaiotako artista arituko da Museo Bikoitza proiektuan lanean.

Honela azaltzen du Erlea Manerosek Jose Mari Zabalaren hautaketara eraman duen prozesua:

"Jose Mari Zabalak soinu esperimentalari egindako ekarpenak, filmek eta bideo-lanek euskal eta estatubatuar testuinguruak lotzen dituzte. Erabili zituen lengoaia eta jarrera estetikoek garai bereko arte kontzeptualeko praktikak dituzte AEBetan; Martha Rosler eta John Baldessariren bideoak datozkit gogora, batzuk aipatzearren. Praktika hauek eragin handia izan dute nire lanean, Kaliforniako Arteen Institutuan eta Michael Asher, Allan Sekula eta Charles Gaines maisuen bidez nire heziketa artistikoaren parte izan dira. Bestalde, Jose Mari Zabala 60, 70 eta 80ko hamarkadetako euskal kulturaren susperraldiaren partaide eta lekuko izan zen, Euskal Herriko nire haurtzaroarekin eta nire hezkuntza definitu zuen aldiarekin bat etorriz.

Museo Bikoitzan parte hartzeko gonbidapena jaso nuenean, nahiz eta museoaren bildumaren edukia nire ondare kulturalaren parte izan, San Telmo Museoa eta bere bildumako irudiak oroitzapen urruna ziren niretzat. Jose Mari Zabalaren kasuan kontrakoa gertatzen da, euskal irudi etnografikoekin lan asko egin du eta San Telmoko bildumako objektu espezifikoak ere erabili ditu. Esaterako, Argia dantza taldearen aurreneko posterra diseinatu zuen 1969an museoko oihal funerario batetik abiatuta. Uste dut oso itxaropentsua dela testuinguru hori berriro bisitatzea eta bere egungo begirada eta ikuspuntua aplikatzea.

Azkenik, Zabalak berak 2008an Argia aldizkarian argitaratutako aipamen bat gogorarazi nahi dut, niretzat erabakigarria izan zena: "Arte produkzioan independentzia behar da, eta ez artista gazteek soilik, baita neronek ere. Hori da nire betiko ametsa, neure buruaren jabe izatea. Inori azalpenik eman behar ez izatea. Eta hortik sor liteke astinaldia. Menpekotasunik gabeko sorkuntza behar da"."

Jose Mari Zabala izango da, beraz, Museo Bikoitza proiektuan Ibon Aranberrik eta Erlea Manerosek egindako lanari jarraipena emango diona, bere ekarpenarekin proiektua aberastuz. Zabalaren biografiari buruz Carreras Múgica galerian 2016an egindako "Écfrasis. Bideolanak 1986-2016" erakusketarako komisario Leire Vergarak sortutako testuak hala zion, besteak beste: "Jose Mari Zabalaren lanak (ia 6 hamarkadatan garatua) hainbat formatu artistiko ditu, hala nola pintura, marrazketa, argazkigintza, zinema, bideoa eta soinu-ekoizpena. Formatuen arteko ibilbide hori arrazoi biografiko eta estetikoek zehaztutako kohesio logiko baten emaitza da. Zentzu horretan, artista marrazketa eta soinuarekin hasten da, argazkigintzara eta zinemara pasatzeko eta, geroago, bideora, pintura barne. Urrats hori ez da denbora-norabide bakar baten bilakaera, baizik eta loturak, zirkulazioak eta etenak eragiten ditu, eta, horrela, obra aberatsa ezartzen da, bai formalki, bai gaika."

Museo Bikoitza programa

2018an jarri zuen martxan San Telmo Museoak Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku-hartzeen programa bat da urtero gonbidatutako artista batek egingo duena, eta museoarekin lotuta lan egingo du artista horrek proiektu berri baten produkzioan. Lan horren emaitza denbora batez egongo da erakusketa programaren barruan, eta azkenik museoaren arte bildumari gehituko zaio, egungo une bakoitza San Telmoko bildumaren ondarera eta kontakizunera gehitzeko premia adieraziz, premia hori ordeztu gabe, betiere.

Asier Mendizabalek, proiektuaren ideiaren sortzaileak gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri, eta Itzal-marra instalazio bikoitza izan da lan horren emaitza, gaur egun museoko klaustroan eta oroitarrien biltegian ikus daitekeena. Aranberrik lekukoa Erlea Maneros Zabalari eman zion eta honen lana uda ondoren izango da ikusgai musean, aurreikusitako epean alde batera utzi behar izan ditugunez. Gaur aurkeztu bezala, Jose Mari Zabala jarriko da hemendik aurrera lanean ere Museo Bikoitza programaren barnean.

Egin zoom arteari


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: