Korrikaren lekukoa museoko pieza berezietako bat denez #STMkuttunak atal honetara ekarri nahi izan dugu gaur. San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorrean dago ikusgai euskararen aldeko lasterketa honen ikurretako bat den egurrezko pieza hau, euskararen aldeko mugimenduekin lotutako beste hainbat objekturekin batera, Modernitatearen hasiera atalean.
Museoan dagoen lekukoa 90eko hamarkadan iritsi zen San Telmora, bere egilea, Remigio Mendiburu (Gipuzkoa, Hondarribia 1931 - Bartzelona 1990) eskultorea hil zenean; izan ere, AEKk, Korrikaren antolatzaileak, dohaintzan eman zion museoari. Gainera, Korrika sortu zenean Mendiburuk AEKri entregatutako sei lekukoetatik San Telmon ikusgai dagoena bakarrik kontserbatzen da.
Bideo honetan Asier Amondo Korrika arduradunak azaldu digu nola sortu zen lekukoa erabiltzearen ideia, zein izan den bere garapena, eta Korrikak berak izan duen bilakaera lehen edizioa egin zenetik, 1980an.
Korrika iritsi zai egon beharrik gabe, familian zuen lekukoa egiteko materiala prestatu dugu. Jaitsi hemen jarraibideak eta hasi eskuz esku pasatzen.
San Telmo Museoak, ekimen honen bidez, bere erakusketa iraunkorra ezagutaraztea du helburu, pieza aipagarriak nabarmenduz. Horretarako piezen inguruko azalpenak eta eduki osagarria dakartza astero museora. Ikusi hemen #STMKuttunak ekimeneko piezak.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2021 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: