Ekainaren 22tik aurrera osatua geratuko da Milaka eskuren isilpeko lana erakusketa, etxeko langile diren emakume migratzaileei egindako erretratu berriekin eta beren bizipenak jasotzen dituzten ikus-entzunezko gehiagorekin.
Proiektuaren alderdi artistikoa, Joseba Bontigui argazkilariaren eskutik datorrena, erakusketa zabalik dela borobiltzen ari da egunotan, erretratu berriak sartzearekin. Etxeko langile diren emakume migratzaileek egiten duten lan ikusezina irudikatzeko, erakusketaren lehen esparruan, protagonisten argazkiak erakusten dira, eskuak argi eta garbi erakusten dituztenak, eta aurpegiak, berriz, lausotuta, fokutik kanpo. Erakusketaren azken esparruan, ordea, emakume hauen ikusgarritasuna aldarrikatzeko, protagonisten erretratuak erakutsiko dira hilaren 22tik aurrera. Irekiera egunean erretrato bakarra zegoen eta marko huts asko; hain zuzen ere, marko horietan jartzeko erretratuak egiteko estudio bilakatu da egunotan museoko Laborategia.
Horrez gain, kolektibo honek bizi duen egoeraren erakusgarri diren ikus-entzunezko gehiago txertatu dira erakusketan: batetik, martxoaren 7an izandako Jóvenes afrontando desafíos para un nuevo futuro mahai-inguruaren pasarte batzuk, eta, bestetik, Chica seria y responsable erreportajea.
Kolektibo honek egiten duen lana eta bizi duen egoera hobeto ezagutzeko Trabajo de hogar. Fotografía, luchas y retos mahai-ingurua antolatu du museoak SOS Arrazakeriarekin batera. Ekainaren 18an izango da, 18:00etan, on line.
Mahai-inguruan kolektibo ezberdinetako emakumeek hartuko dute parte: Katia Reimberg (Bidez Bide), Lorea Ureta (ATH-ELE), Maria Juncay (SINA), Gladys Concepcion Carrasco (Malenetxea), Tatiana Bellorin (Trabajadoras de Hogar de SOS Racismo). Dinamizatzailea Jone Urionaguena (SOS Arrazakeria Gipuzkoa) izango da.
Saioa museoren webgunean eta Youtube kanalean zuzenean jarraitzeko aukera egongo da. Zuzenean parte hartzeko modua ere izango da, baina horretarako izena eman beharko da.
Milaka eskuren isilpeko lana erakusketak Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Etxeko Emakume Migratzaile Langileen taldearen istorioak, bizipenak eta aldarrikapenak erakusten ditu; Haien erreibindikazioak, ikusezintasun-, deshumanizazio-egoeren, migrazio-doluen prozesuen eta lan-baldintzen ingurukoak.
Erakusketa uztailaren 12ra arte egongo da zabalik museoko Laborategian, doako sarrerarekin.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2022 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: