NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Jineta ezpata, bildumako balio handiko pieza, gaurko #STMKuttuna

  • Asteazkena, 2020(e)ko Apirila(r)en 22-(e)an

Zaharberritze lan sakona egin zuen museoak 2019an, Ártyco enpresa lagun, bere bilduman balio eta tradizio handia duen jineta ezpatarekin. Armagintza bildumako ezpata hispano-arabiarra da pieza hau, bere bikaintasunagatik nabarmentzen dena eta museoak 1940an dohaintzan jaso zuena.

Nazari Erresumako ezpata bereizgarria da eta dakigula, halako 12 ale soilik daude erregistratuta gaur egun, nazioarteko hainbat museotan eta zenbait bilduma pribatutan. San Telmokoa 1940an dohaintzan eman zuen Maria Dolores Porcel y Guirior-ek, bere ahizpa San Millán eta Villalegreko markesa zenduaren berariazko nahia betez. Ezpata honek balio eta garrantzi handia du, lehenik, multzo osoa delako, hau da, zorroa eta zintzilikatzeko bi tahaliak edo ehunezko uhalak kontserbatzen dituelako oraindik, bigarrenik, oro har ondo kontserbatuta dagoelako, eta, azkenik, baita ere azpimarra daiteke haren fabrikazio-prozesuan erabili ziren teknikak eta materialak kalitate handikoak direla.

Dokumentuen arabera, badakigu ezpata 1941eko uztailaren 2an iritsi zela San Telmora, eta artxiboan dagoen donazio-espedientean adierazita dagoenez, "Errege-Erregina Katolikoek Granada menderatu zutenean Boabdil Granadako azken errege mairuak haiei eman zien ezpata da". Antza denez, San Millango markesak familiako herentzia gisa jaso zuen ezpata, Granada menderatu ostean bertako lehen alkate izan zen On Iñigo López de Mendoza Tendillako kondearengandik.

Zer dira jineta ezpatak?

Jineta ezpatak berbere tribuetako batean du jatorria; penintsulara kalifen erregimenari kristau-armaden aurkako borrokan laguntzera etorri ziren tribuetako batek egindako ekarpena da, marindarrak, zenete ezizenarekin ere ezagutuak zirenak.

Zeneteek borroka molde berri bat ekarri zuten, zaldian modu berezian ibiltzen baitziren. Bridan ohiko moduan ibili beharrean, hankak estribu altuetan pausaturik eta tolesturik zituztela ibiltzen ziren zeneteak, azkar eta arin. Horrek arma laburrago, arinago eta maneiagarriago bat erabiltzera ere eraman zituen, borrokan babesteko: jineta ezpata. "Zeneta" hitzaren aldaketa fonetikotik datorkio izena, eta haren diseinua erabakigarria izan zen zaldiz borrokatzeko taktika berri hartan.

Museoako bildumako ezpataren kasuan, multzoa hiru elementuz osatuta dago: ezpata, zorroa eta tahaliak edo uhalak. Lehenengo biak dira esanguratsuenak.

Ezpatari dagokionez, heldulekua da atalik bereziena eta gehien nabarmentzen dena, alderik artistikoenak eta apaingarrienak biltzen dituelako. Material nobleekin eginda dago eta aurrealdean ezaugarri kaligrafikoz osatutako kartela zentral bat du, eta forma erdizirkularreko bi beso alegiazko animalia baten buruaren itxurarekin.

Zorroak, bestalde, ez du balio txikiagoa. Ezpata babesteko funtzioa du eta aurrealdea zilarrezko hari-filigranaz apainduta dago. Urreztatutako zilarrezko pieza metalikoez egina dago. Berezitasunetako bat da ezpata zorroan sartzen denean, bi parteek bat eginda, multzo zirkular bat sortzen dutela.

Zaharberritzea / Kontserbazioa

Esku-hartze honetan, ezpatari egonkortasuna emateko tratamenduak egin ziren, haren kalitate teknikoa eta estetikoa agerian jarri eta, aldi berean, ezpata maneiatu, behar bezala erakusgai jarri, modu seguru eta egokian gorde, eta, azken batean, pieza hauskor honen kontserbazioa bermatu ahal izateko.

Ahal zen neurrian ezpataren harmonia berreskuratu zen, alterazioek eta zenbait jarduketa partzial eta fokalizatuk itxuraldatu zutelako. Horrela bada, ezpataren jatorrizko itxura ezkutatzen zuten zikintasuna eta produktu degradatuak kendu, egitura aldetik ahulduta zeuden gune zehatzak sendotu eta, salbuespen gisa, zorroko kordobanean askatuta zeuden elementuak berriro itsatsi ziren. Amaitzeko, metalei babes-geruza bat eman zitzaien, herdoiltzea saihesteko.

Lanak amaitzean memoria bat egin genuen, eta bertan azaldu dira gauzatutako ekintza guztiak; besteak beste, prebentziozko kontserbaziorako gomendioak jaso dira memorian, eta, horrela, San Telmo Museoko lan zaharberrituak mantentzeko programazio sistematikoan txertatuta geratu da ezpata. Eta memoria horrek osatzen du, hain zuzen ere, San Telmoko jineta ezpatari buruzko lehenengo Miaka.

Jineta ezpata, familian

Piezari buruzko informaio guzi honetaz gain, modu ludikoan ezagutzeko gonbitea ere egin nahi dizuegu, familiartean. Hona hemen prestatu dugun materiala.

#STMKuttunak ekimeneko pieza gehiago

San Telmo Museoak, ekimen honen bidez, bere erakusketa iraunkorra ezagutaraztea du helburu, pieza aipagarriak nabarmenduz. Horretarako piezen inguruko azalpenak eta eduki osagarria dakar astero museora. Ikusi hemen #STMKuttunak ekimeneko piezak.

Egin zoom arteari


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: