NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Gaurko #STMKuttuna, tranga, lihoaren lanketan erabilitako tresna

  • Asteazkena, 2020(e)ko Apirila(r)en 15-(e)an

Lihoa lantzeko erabiltzen den tresnetako batetik abiatuko da aste honetako #STMKuttunak. Tranga izena du pieza horrek eta lihoaren kanaberak hausteko balio du, erdian dauden zurezko zatiak askatzeko eta bereizteko.

Tranga oinarrietan sekzio zirkularreko zurezko bi makilez eta oinaren erdiranzko sekzio angeluzuzeneko beste hirugarren batez lotutako bi oinez osatutako instrumentua da. Oinek zurezko gillotina moduko bat eusten dute, goian eta behean hortzak dituena eta muturrean duen kirtenarekin mekanismoari eskuz eragiteko balio duena.

Argazkiko pieza Aizarnako (Gipuzkoa) Iribarrena baserrikoa da, XX. mendearen hasierakoa, eta bide ematen digu lihoaren lanketak Euskal Herrian izan duen garrantziaz hitz egiteko, bereziki emakumeentzat, nolabaiteko askatasun ekonomikoa eta soziala izateko aukera eskaintzen zielako. Nerea Izagirren, San Telmo Museoko Erakusketa Iraunkorreko arduradunak azaldu digu hori xeheago.

 

Lihoa landare bat da, ongi landuz gero landare-zuntz bat ematen duena, ehun sendoak egiteko aproposa. Euskal Herrian antzina-antzinatik izan zen jantzien oinarrizko gaia, eta haren garrantziaren, tradizioaren eta eguneroko bizitzan izan zuen etengabeko presentziaren berri ematen duten adierazgarri ugari gorde dira. Batetik, toponimian lihoari buruzko hainbat aipamen aurkitzen ditugu (Linazasoro, Linaputzueta, Linondo, besteak beste), eta, bestetik, dokumentazio historikoan begiratuz gero ikus dezakegu XV. mendetik aurrera aipatzen direla euskal emakumeak eta ehun-gai hori erabiliz egindako eskulanak, egiten zituzten jantzien kalitate bikaina, eta, Euskal Herria ez ezik, Espainiako eta Amerikako hainbat eskualde hornitzen zituen merkatua.

Emakumeen gain egon ohi zen lihoaren lanketa, askotan auzolanean. Bere garrantziaren adierazgarri da, oso gaztetan, lur saila ematen zietela neskatoei lihoa ereiteko. Horrekin euren arreoa egiten zuten, eta kasu askotan, bizirauteko modua ere eskaintzen zien lihoaren lanketak, oihala eginez edo oihal horrekin sortutako jantzi edo bestelako piezak salduz. Testamentu zaharretan ikus dezakegunez, lihoz egindako jantzien dohaintzak ugariak ziren, eta horrek oso preziatuak zirela ematen digu aditzera; belaunaldiz belaunaldi mantendutako familia-ondare gisa ematen zen dohaintzan,edo bestela elizen esku uzten zen, bizitza espiritualari lotuta.

Lihoaren manufaktura zuntza eta haria lortzeko hainbat eragiketa eginez eskuz egindako hainbat tresna erabiliz burutzen zen. Prozesu horren hasieran, "lurretik" edo "itsasotik" (inportaziokoa) ekarritako hazia ereiten zen –barietatearen arabera, bateko edo besteko kalitatea ematen zuen azken oihalean–, landarea biltzen zen eta hazia bereizten zen orrazi metaliko bat (azgarbaketa) erabiliz. Zurtoinak beratu (baratzea) egiten ziren tarte batez liho-putzuetan (liño putzu), harizpiak bereizteko. Lehortu ondoren, harizpiak bereizteko lanarekin jarraitzen zuten, zurtoinak mazo hidraulikoez joz errotetan edo bestela eskuzko mazoez (lino jotea); ondoren, txikitu egiten zituzten garbaren (trangaketa edo zuratza) bitartez. Pintza batez karrakatu (suarketa) eta subarats batez subarastu ondoren, zuntza kolpekatzen zuten ostera, lortu nahi zuten purutasuna lortu arte. Azkenik, txarranketaren bidez zuntzak kalitatearen arabera ordenatzen zituzten oihalari zegokion erabileraren arabera, burdinazko hortz sorta zeraman ohol baten laguntzarekin. Gorua eta ardatza edo tornua erabiliz, haritu egiten zuten, zuntza hari bihurtzeko. Mataza egiten zuten gero, horretarako tresna erabiliz; jarraian hautsez egosi eta garbitzen zuten, zuritzeko, eta, azkenik, harilak egiten zituzten, harilkatzailearen laguntzarekin

Bideo honetan ikus daiteke nolakoa den lihoa lantzeko prozesu hori.

Lihoa San Telmoren bilduman

San Telmo Museoaren funtsen artean hainbat ehunki gorde dira, besteak beste lihozko oihalean gurutze-puntuan egindako brodatuen bilduma. Bilduma zoragarria da, brodatutako motiboak oparoak, askotarikoak eta egiteko zailak direlako. Museoak joan den mendeko lehen hamarkadetan osatu zuen bilduma, batez ere Gipuzkoako arreoetatik etorritako gauzekin. Brodatze mota hau lihoaren kulturari lotuta dago, mendeetan zehar Euskal Herrian sustraituta mantendu zena eta asko ikertu dena, nahiz eta ez den hau brodatuen kasua, bigarren mailako gaia izan baita euskal ehungintzaren azterketan.

Museoak, 2017an, bilduma honetako brodatuei buruzko lana berriro argitaratu zuen, lihoaren kulturari buruzko testu batez gain, San Telmo Museoaren bildumako pieza brodatu guztiei buruzko informazio xehatua biltzen duen liburua, eta dekorazio-motiboak eskemetan islatuta eskaintzen ditu, oihal batean erreproduzitu ahal izateko. Ikerketa Mariasun de Miangolarra eta Eva M. Elorzak egin zuten.

Brodatuak familian

Azkenik, hemen eskaintzen dizkizuegu lihoaren gaiari lotutako haur eta familientzako baliabideak.

Egin zoom arteari


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: