NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

  • Hasiera
  • Gaurkotasuna
  • Literaktum 2019: literatura eta feminismoa binomioa izango da ardatz nagusia

Literaktum 2019: literatura eta feminismoa binomioa izango da ardatz nagusia

Literaktum 2019: aurkezpeneko argazkia
  • Asteartea, 2019(e)ko Azaroa(r)en 05-(e)an

Aurten, Literaktum letren jaialdia azaroaren 11tik 24ra egingo da, sail eta proposamen berriekin eta, beti bezala, kolaborazio-sare zabalarekin. Dena den, bere hartan eusten dio asmo nagusiari, hots, literaturara beste hizkuntza eta diziplina batzuekin eta eztabaidarik gaurkoenekin batera hurbiltzea. Alde horretatik, eta jaialdiak literaturaren eta bere garaiko gizartearen arteko lokarriak arakatzeko duen borondate argiaz, Literaktum 2019 literaturaren eta feminismoaren arteko loturen isla gisa aurkezten zaie herritarrei. Binomio hori da jaialdiaren ardatz nagusia.

Emakume idazleek osatutako multzo nabarmen bat bildu dugu hainbat gairi ekiteko: Elvira Sastre, María Sánchez, Espido Freire, Laura Freixas, Mariasun Landa, Christina Rosenvinge, Paula Bonet, Eider Rodríguez, Kattalin Miner, Lucía Baskaran, Luisa Etxenike, Marta Sanz eta Cristina Morales (urrian 2019ko Espainiako Literatura Sari Nazionala jaso duena) dira edizio honetako idazle batzuen izenak. Nork bere ikuspegia azalduko du identitateaz, feminismoaz edo arte-sorkuntzaz.

Baina ardatz nagusi horrez gainera, beste gai batzuk ere jorratuko dira jaialdian programaturiko jardueretan, hala nola Europaren kultura-, hizkuntza- eta literatura-aniztasuna, poesia bizitzaren motor, edo identitate nozioa auzitan jartzea. Bestalde, ohi den bezala, izango dira azken lanak atera berri dituzten autoreen hitzaldiak ere; besteak beste, Bernardo Atxaga, Ibon Martín eta Karmele Jaiorenak.

Edizio honetan, pisu berezia izango du euskarazko literaturaren modernotasunean gako izandako liburu baten argitalpenaren 50. urteurrenak: Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Literaktum 2019k ere bere alea jarri nahi du modernotasunaren sorburuko idazlan horri omenaldi eginez, nola eta erakusketa baten, literatura-ibilbide baten eta mahai inguru baten bidez. Baina Saizarbitoria ez da izango Literaktum 19n omenduko den euskal idazle bakarra: Joxean Artze oroituz ikuskizunak Usurbilgo sortzaile 2018an zenduaren poesia- eta musika-ibilbidea berrikusiko du.

Eta izango dira beste proposamen diziplinarteko batzuk ere, non literatura beste hizkuntza batzuekin elkartuko baita, hala nola Teatro del Temple eta Tanttaka Teatroaren Abre la puerta, edota Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Ion Olanoren Bestaldearen bestaldean.

Erakusketei dagokienez, Lur editorialari buruzkoaz gainera –Egunero hasten delakoren argitaletxea–, beste bi izango dira Aiete Kultur Etxean, bat Jane Austen idazlearen bizitzan eta obran oinarritua, eta bestea Rebécca Dautremer ilustratzailearen ilustrazioetan.

Filmak, mikroeztabaidak, Dickens-en Eguberrietako ipuinak direlakoetan inspiraturiko literatura-afari bat, UPV-EHUko Pentsatu! Jaialdiarekin, Etxepare Institutuarekin edo Feministaldia 2019rekin elkarlanean egindako jarduerak, eta Literaktum Txikia, haurrentzako jarduera-programa, haziz doana edizioz edizio: horiek ere osatzen dute sareko jaialdi hau, zeinaren programa hiri osoan barrena zabalduko baita literaturaren festa handia ospatzeko.

Literaktum Txikiari dagokionez, zeinaren helburua literatura zenbait formatutan haur eta gazteei hurbiltzea baita, aurten beteago dator programazioa, antzerki-emanaldiak izango baitira Donostiako zenbait kultur etxetan, bai eta Haurren Eskubideen egunaren ospakizuna ere, eta zenbait lantegi euskal ilustratzaile batzuekin Aiete, Altza, Amara, Intxaurrondo eta Martuteneko haurtxokoetan.

Bestetik, Literaktum-en eta Gipuzkoako Liburuzainen Elkartearen arteko harremanak biziak eta hurbilak dira urte osoan zehar, eta liburu-dendak ere oso presente egongo dira jaialdian. Liburuen eta literaturaren alderako zaletasuna sustatzeko, aurten Book Friday delakoaren lehen edizioa antolatu da azaroaren 22rako, eta zenbait ekintza jakin egingo dira parte hartzen duten liburu-dendetan. Jaialdiak aurrera egin ahala aletuko ditugu. Hamahiru liburu-dendak hartzen dute parte: Aritz, Casa del Libro, Donosti, Elkar, Garazi, Gurutz, Hontza, Kaxilda, Lagun, Noski, Pitxintxa, Tobacco Days eta Zubieta.

Aurreko edizioan parte hartu zuten entitate askok parte hartuko dute aurtengo Literaktum-en ere, beste berri batzuekin batera: Etxepare Institutua, Euskadiko Filmategia, Feministaldia, Gipuzkoako Liburuzainen Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamendua, Kutxa Kultur eta UPV-EHU Kultura, eta Kulturaren Euskal Institutua, zeinaren eskutik Adam Zagajewski idazlea etorriko baita, 2017ko Princesa de Asturias de las Letras saria.

Azken finean, 50 pertsonatik gora gonbidatu dira Literaktum 2019 jaialdira

Egin zoom arteari


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: