NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

  • Hasiera
  • Gaurkotasuna
  • San Telmo Museoaren gonbitea heriotzari buruz hitz egiteko: "Heriotza. Ante la muerte"

San Telmo Museoaren gonbitea heriotzari buruz hitz egiteko: "Heriotza. Ante la muerte"

  • Asteartea, 2019(e)ko Martxoa(r)en 12-(e)an

Heriotza. Ante la muerte da San Telmo Museoaren erakusketa berria. Museoak antolatu eta ekoiztutako proiektua da, eta Deustuko Unibertsitateko José Ángel Achón katedradunarekin batera komisariatutakoa. Erakusketa martxoaren 13tik maiatzaren 26ra egongo da zabalik.

Erakusketa honen helburua da publikoa heriotzaren fenomenora gerturatzea; zehatzago esanda, gizakiak heriotzari aurre egiteko dituen eta eduki dituen moduetara hurreratzea. Gonbidapena da tabua den -nahiz eta gizakiaren berezko ezaugarria izan- gai baten inguruan hausnarketa egiteko.

Heriotza. Ante la muerte erakusketak agerian jartzen ditu heriotzaren inguruko kultura materialen aniztasun eta aberastasuna, garai eta toki guztietako gizakiontzat zenbaterainoko garrantzia duen azalduz eta heriotza ulertzeko eta hari aurre egiteko hainbat moduren berri emanez.

Erakusketa sei ataletan antolatuta dago, gizakiak heriotzaren aurrean izan dituen eta dituen jarrerak kontuan hartzen dituztenak: Irudikatu, Beldurra, Errituala, Zentzua bilatzea, Heriotzatik itzultzea, Utopiak.

Gaia jorratzeko munduko kultur ezberdinetan jatorria duten askotariko objektuak daude: errituekin, sinesmenekin edo ohiturekin lotutakoak; argazkiak; dokumentuak; ikus-entzunezkoak; koadroak; komikiak; eta abar.


Jarduerak eta katalogoa, gaian sakontzeko

Erakusketak irauten duen bitartean, jarduera programazio zabala prestatu du museoak, gaiaren alderdi ezberdinei heltzeko aukera emango dutenak, hainbat hitzaldi, mahai-inguru tailer eta bestelakoekin, publiko ezberdinei zuzenduta. Programazio hau burutzeko elkarte eta adituen lankidetza izan du museoak.

Programazioaren barruan daude ere ohiko bisita gidatu programatuak. Martxoaren 16tik aurrera (martxoaren 19an izan ezik) asteartero eta larunbatero erakusketa gida batekin ikusteko aukera izango da, 11:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Bisita gidatu hauetarako sarrera doakoa da erakusketarako sarrera erosita.

Horrez gain, erakusketarekin batera Heriotza. Ante la muerte katalogoa argitaratu du museoak, dagoeneko museoan eskura daitekeena 20 euroan.


Museoaren bilduma abiapuntu gisa

Museoak hileta-munduarekin zerikusia duten objektuen bilduma zabala eta askotarikoa du bere funtsetan, eta objektu horietako batzuk oso bereziak dira gainera. Hori izan zen proiektu honen abiapuntua, kontuan hartuta etnografia bilduma garrantzitsua dela San Telmorena, betidanik euskal kulturaren eta museoaren adierazgarritzat jo izan dena.

Ondare propio horretan sakontzeko eta ezagutzera emateko hasierako interes horretatik abiatuta, proiektua hazten hasi zen. Hasieratik bat egin zuen proiektuarekin Gordailuak, Gipuzkoako Ondare Higigarriaren Zentroak. Bertan gordetzen dira museoaren funtsak eta horrela beste ondare batzuk ere gehitu zitzaizkion, bereziki aipagarriak arkeologia atalarekin zerikusia dutenak. Horrela, erakusketaren ibilbidean Gordailuak gordetzen dituen pieza ezberdinak ikus daitezke.

Aranzadi Zientzia Elkarteak ere egin zuen proiektuarekin bat, batzar zientifikoan parte hartuz eta muntaketa lanei dagokienez atal batean lagunduta; eta Deustuko Unibertsitateko Jose  Ángel Achón katedradunak ere, komisariotza lanetan museoarekin bat egin zuen.

Bestalde, proiektuaren garapenean aurrera egin ahala, beste hainbat museo eta bildumatako eta artxibo eta liburutegitako lanekin aberastu da erakusketa, gaur egungo artisten ekarpena ahaztu gabe.

Egin zoom arteari


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: