NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

  • Hasiera
  • Gaurkotasuna
  • Kimia Kamvari artistaren "Alef" erakusketa, Artea abian proiektuaren hirugarren edizioan

Kimia Kamvari artistaren "Alef" erakusketa, Artea abian proiektuaren hirugarren edizioan

© Gorka Estrada
  • Ostirala, 2022(e)ko Azaroa(r)en 25-(e)an

San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak Alef  aurkezten dute, Artea abian programako aurtengo edizioko erakusketa. Museoko Laborategia aretoan ikusgai izango da azaroaren 25etik otsailaren 5era, doako sarrerarekin.

Kimia Kamvari da aurten Artea abian proiektuan parte hartzen duen artista, aurreko bi edizioetan Nagore Amenabarrok eta Oier Iruretagoienak bere lanak aurkeztu ondoren. 2019 urtean sinatu zuten Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak bi erakundeen arteko elkarlana estutzeko akordioa, eta bertan jasotzen zen Artea Abian erakusketa programa. Sorkuntza garaikideari ematen zaio protagonismoa honen bitartez, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta horrela, Kamvariren lanak ikusteko aukera izango dugu aurten Alef titulua duen erakusketan.

Ekimen honen bidez, bi erakundeek beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Kimia Kamvariren erakusketa, Alef, bi zatitan egituratzen da. Lehenengoan, hondoratze dolinetan oinarritutako argazki serie bat aurkezten da. Artista 2019an hasi zen argazkiak ateratzen Irango lautadan zehar. Serieak lurraren lehortasunak tamaina desberdineko zuloak eragiten dituen fenomeno geologiko honen 73 argazki biltzen ditu. Barrunbe horiei kamera estenopeiko batekin argazkiak ateratzea erabaki izanak areagotu egiten du dolinei begiratzeko ekintza: gertakari fotografikoa gertakari geologikoari eransten zaio.

Erakusketaren bigarren zatia zuhaitz baten inguruan egituratzen da, zumearen inguruan. Zuhaitz horren materialtasuna 80 kilo zume-egurreko egur-ikatzaren bidez ikus daiteke aretoan, eta haren irudikapena, berriz, hainbat marrazkitan. Horien artean bat nabarmentzen da, museoko bildumako ikatz-zirizko arkatz bakarrarekin marraztu dena.

Alef persiar, arabiar eta hebreerazko alfabetoaren lehen letra da, eta El Aleph ere Borgesen ipuin ezaguna da. Letra gisa eta elementu narratibo gisa, Alefek hasiera sinbolizatzen du, aukera amaigabeak biltzen dituen energia. Alef Azadi hitzaren lehen letra ere bada (Irango azken asteetako protestetan entzuten den Zan, Zendegi, Azadi -Emakumea, Bizitza, Askastasuna- leloaren parte da).

Kimia Kamvari

Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) Pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitektura Unibertsitatean, eta Ikerketa eta arte sorkuntza masterra egin du EHUn.
2006tik talde erakusketa askotan parte hartu du, eta azken urteotan baita bakarkako erakusketetan ere, Dastan Galleryn (Teheran) eta Cristina Enean (Donostia). Egoitzak egin ditu Tabakaleran (2017) eta Sormenaren Kabian (2018). Bere azken erakusketetan, Apeiron (Dastan Gallery, 2018), Nature Change (Cristina Enea Fundazioa, 2019) eta Event Horizon (Dastan Gallery, 2019), estilo eta kontzeptu aldaketa nabari da bere obran, non naturak eta aldaketak paper nagusia jokatzen duten. Azpimarratzekoa da 2015etik Astigarretan izan duen egonaldi luzeak izan duen eragina, leku horretan bere lana irauli egin baita kontzeptualki. Bere azken lanetan material organikoaren, instalazioaren, argazkigintzaren eta marrazkiaren erabilera nabarmentzen da.

 

baner audioguia eu

Egin zoom arteari


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: