Gaurtik zabalik da San Telmo Museoak eta Argia dantza taldeak elkarlanean sortu duten Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia erakusketa; San Telmok, Argiak eta Ikerfolkek egin dituzte ekoizpen lanak eta Argiaren bilakaera du ardatz. Euskal dantzaren azken 60 urteetako bilakaera ulertzeko gakoak diren testuingurua, irudiak, doinuak eta jantziak biltzen ditu. Gaurtik ekainaren 21era ikusgai izango da museoko Laborategia aretoan, doako sarrerarekin.
Argiak eta San Telmok izandako harremana ere bada erakusketaren zutabeetako bat, museoa dantza taldearen egoitza izan baitzen urte luzez; San Telmo zaharrean egiten zituzten entseguak eta bertan aritu ziren ikerketa lanetan ere.
Ikusgai jarri diren piezen artean, Argiaren funtsetako dantzarako tresnak, arropak eta garaiko irudien artxibo handia daude. San Telmok bere bildumako hamabost bat pieza jarri ditu, tartean Darío de Regoyosen margolan bat. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko eta Udal Liburutegi Nagusiko maileguak eta artxibo partikularretatik etorritako pieza, liburu eta dokumentuak ere biltzen ditu erakusketak.
Erakusketan murgiltzeko jarduera sorta anitza egongo da: hitzaldi eta solasaldiak (Oier Araolaza,Telmo Esnal, Elena Cajaraville, Mikel Urbeltz, Itziar Otamendi), familientzako dantza tailerrak ( Monika Bañales eta Itziar Otamendi Argiako kideak), helduentzako jantzi tailerra (Ane Albisu) eta bisita gidatuak (Argiako kideen eskutik).
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2026 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: