San Telmo Museoak antolatzen duen Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak egitasmoak papergintzaren artisautza izango du ardatz aurten. Martxoaren 27tik apirilaren 12ra bitarte, gai honen inguruan erakusketa eta jarduerak izango dira museoan.
Aste Santuko oporraldian zehar, klaustroan erakusketa txiki bat izango da ikusgai. Bertan, San Telmo Museoaren, Gordailuaren, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta, nagusiki, Marino Ayalaren bildumetako piezak daude, papera egiteko lehengaietatik hasi eta paperaren ezaugarriak neurtzeko tresna espezifikoenetaraino.
Bestalde, lanbidea ezagutzeko jarduerak ere egongo dira egunotan: Marino Ayalaren erakustaldi bat eta helduentzako tailer bat, Miriam Loidi eta Julia Lasak eskainitako helduentako tailer bat, Aranzadik eskainitako bi familia tailer eta Juan Barbéren hitzaldi bat.
Lanbideak bizimodu jakin bati lotuta daude, eta etengabeko aldaketan dagoen gizarte bateko jakintzen transmisioari. Ekoizpen eredu berrien ondorioz, lanbide tradizional asko desagertu egin dira arrastorik utzi gabe, eta ahaztuta geratu dira; beste batzuk, artisauei esker gorde dira; eta beste zenbaitek, berriz, eraldatzea lortu dute egungo errealitate bati erantzunez.
Atzokoak gaur programa 2018an hasi zen, eta aurreko edizioetan lihoa, artzaintza, gaztaren elaborazioa, saskigintza, txokolategintza eta musika tresnak izan dira gai nagusiak. Proiektuak lanbide tradizionalak ezagutzen eta zabaltzen lagundu nahi du: teknikak eta lan egiteko moduak, erabilgarritasuna, lotutako ohiturak, horiek garatzen dituzten pertsonak.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2026 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: