San Telmo Museoak bere bildumakoak diren hainbat artelan beste museotara mailegatu ditu azken asteotan. Arte historikoko aretoan erakusgai egon ohi diren koadro hauek, hortaz, estatuko zein nazioarteko beste erakusketetan daude une honetan ikusgai.
Ohikoa da museoek elkarri obrak mailegatzea, eta dinamika horren barnean kokatzen da lanen joan-etorri hau. Hala, Mariano Fortunyren Haur bat, biluzik, Porticiko hondartzan eta Arabiar etxe bateko urmaela Museu de Reusen egongo dira abendu erdialdera arte, Fortuny, L'observació de la natura erakusketan.
Bestalde, berriki Lorategi bat soinean erakusketan jarria egon den Catharina Ykensen Paisaia girnalda barruan Washingtonen dago une honetan (lana Prado Museoarena da baina San Telmon egon ohi da ikusgai iraupen luzeko deposito bati esker). NMWA-National Museum of Women in the Arts museoan egongo da 2026ko urtarrilera arte, eta handik, Belgikako Gante hiriko Museum of Fine Artsera bidaiatuko du datorren urteko udaberrian.
Raimundo de Madrazoren Gaztea bitxilorea hostogabetzen obra ezaguna, aldiz, Madrilen dago, Fundación Mapfrek artistari eskaini dion erakusketan. Bertako egonaldia urtarrilean bukatuko du eta ondoren, Estatu Batuetara eramango dute. Dallas hiriko Meadows Museumen egongo da ikusgai 2026ko otsailetik ekainera.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2026 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: