Larunbat honetan, azaroak 2, Iñaki Palacios txistulariak kontzertua eskainiko du San Telmo Museoan bere azken lana aurkezteko: Argizaiola. Emanaldia 19:30ean izango da sarrera librearekin lekuak bete arte.
Argizaiola diskoak, soinu tribal fin eta antzinakoak oinarri hartuta, doinu berrien bidez omentzen ditu arbasoengandik jasotako heriotzaren eta iraganaren inguruko errituak.
Horretarako, Palaciosek musika tresna primitiboak eta soinu elektronikoak uztartu ditu; emaitza disko eklektikoa eta berritzailea da. Diskoan kolaboratzaile izan ditu, besteak beste, Mikel Urdangarin, Lide Hernando, Kalakan eta Mariatxen Urkia. Diskoari izena ematen dion kantuaren testua, Argizaiola, Martxel Mariskalena da, eta, Udazkena kantuarena, berriz, Karmele Jaiorena. Gainera, zuzenekoetan, San Telmo Museokoan barne, DAB konpainiak parte hartuko du, kontzertua dantza garaikidea eta euskal dantza tradizionalarekin osatuz.
Emanaldia museoko elizan izango da, San Telmoren argizaiola bilduma dagoen gunetik gertu, diskoari izenburua ematen diotenak.
Euskal elementu honek sinbolismo indartsua du eta ondo adierazten du heriotzari buruzko adierazpen kulturalen aberastasuna, besteak beste, arbasoenganako lotura, familiaren garrantzia, ohituren transmisioa, herri espiritualtasuna eta mundu sinbolikoa.
Diskoan azaltzen den testuak ondo adierazten du elementu honen ezaugarri eta garrantzia: “Hildakoei argia eskaintzea kultura askotan egiten den zerbait da. Argizaiolak duen berezitasunetako bat, itxuraz formalaz gain, familia bakoitzak berea zuela da. Etxekoandreak elizan pizten zuen familia hilobiaren gainean, eta elizan lurperatzeari utzi ziotenean ere horrelaxe egiten jarraitu zuten".
Argizaiola lanak bezala tradizioaren irakurketa garaikidea egiten dutenek euskal kultura iturri gisa hartzen dutenean, gure kultura gaurkotasunera ekarri eta aberasten dute.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: