Historiaurreko giza asentamenduez eta Antigua deritzon auzoan antzina izandako eliza-kokapenaz hitz egin badezakegu ere, Donostiako fundazioa 1180koa da. Urte horretan Nafarroako Antso IV.a Jakituna erregeak hiribilduko biztanleei sorrera-foru bat eman zien; izan ere, Urgull mendiaren magalaren azpialdean bazen ordurako asentamendu garrantzitsu bat, gaskoi jatorrikoa, batez ere.
Badirudi ordurako bazegoela babeserako talaia bat, Nafarroako Antso VII.a Indartsuak eraikia. Antza denez, lehenengo gotorleku hori harkaitzezko gaztelu bat zen, lau angelukoa. Kantoi bakoitzean dorre bana zuen, baita Omenaldiaren Dorre bat ere.
Diotenez, Urgull hitza gaskoizko Hercull edo Hergull hitzetik dator eta Oso indartsua-Herkuleoa esan nahi du; hain zuzen ere, izen hori mendiak ematen zien babes handiagatik jarriko ziotela pentsatzen da; edota, beharbada Urguilu-Orgullo hitzetik etor liteke, horrela deitzen baitzioten XVIII. mendean.
Jatorria dena delakoa izanik ere, gauza zera da, itsasotik babesten zien mendiaren gerizpean eta denboran zehar eraiki ziren gotorlekuen babesean hazi zela hiria.
1200. urtean, Forua eman eta handik hogei urtera, Donostia Gaztelako Koroaren eremuan sartu zen, eta horren ondorioz, Alfonso VIII.a erregeak gehiago indartu zituen hiribilduaren babes-neurriak, gaztelua inguratzeko obrak egiten hasi baitzen.
Horren ondorengoek gotorlekuak bermatzen eta harresiak mantentzen jarraitu zuten. Lauki bat osatzen zuten Urgull mendiaren babesean. Harrizko eraikin sinpleak ziren eta zazpi ate zituzten kanpoaldearekiko harremanetarako. Urgull mendiaren goialdean La Mota gaztelua eta El Macho harresiak babestutako dorre erdizirkularra zeuden. Kristau erreinuetako gaztelu askok La Mota izena zuten, arabiarrek alkazaba izeneko gotorlekuak eraikitzen zituzten garaian.
Dena dela, Errege-Erregina Katolikoen agintepean gauzatu ziren batez ere enparantza sendotzeko obrak. Orduz geroztik, ondorengo mendeetan eta gaur artean, sendotze-lanak eta eraikin berriak txertatu zaizkio.
Hiriak eraso ugari pairatzen zituela ikusirik, harresia sendotzen hasi ziren, baita Urgull mendian zegoeneko hainbat mende zeramatzan gaztelua eraberritzen ere. Garai horretan harresi berria eraiki zuten, baina tarte zabala utzi zuten etorkizunean hiribildua zabaldu ahal izateko.
Hiriak babes-hiri izaten jarraitu zuen Carlos V.a enperadorearen erregealdian ere. Carlos V.a Donostian izan zenean hiribildua etengabe indartzea agindu zuen, gastuez kezkatu gabe, nahiz eta harresia behin eta berriz indartu eta konpondu behar izateak herritarren hamarren ugari xahutzen zituen.
Donostia “Frantziako giltzatzat” hartu zenez gero, XVI. mendearen erdialdean balio estrategiko eta militar berezia hartu zuen muga babesteko garaian, Frantziaren aurkako gudetan. Horren ondorioz, gotorleku garrantzitsuak eraiki zituzten, eta horiei esker, itsasaldeko eta merkataritzako hiribildua gotorleku bihurtu zen.
Obrak hegoaldeko horma-ataletik hasi ziren 1515. urtean, “Donostia Hiri Berria” diseinatu zuen Pedro Navarro kapitainaren zuzendaritzapean. Eta hark diseinatu zituen, dirudienez, Hornos eta Amezketa izeneko kuboak.
1530. urtean hasi ziren kubo inperiala (Carlos V.aren ohorez deitzen zitzaion horrela) eraikitzen, Barleta priorearen diseinuari jarraiki. 1546. urtean, Villaturiel kapitainak harresia igotzea eta mendia ixtea proposatu zuen, hiriak eta gazteluak bat egin zezaten.
Frantziako mugarekiko zegoen defentsa-politikaren ildotik Felipe II.ak gotorlekuak sendotzea erabaki zuen; eta horretarako, Tiburcio Espanochi ingeniari nagusiari Bidasoatik Kataluniara bitarteko Pirinioa hartzen zuen defentsa-proiektu bat egiteko eskatu zion.
Espanochik proiektu hau egin zuen Donostiarako: Urgull mendian gotorleku bat egitea gaztelua itxiz eta defentsa jaistea; izan ere, gaztelua altuegi zegoen hiria defendatu ahal izateko eta herritarrei babesgabe zeudela iruditzen zitzaien.
Horretarako, gaur egungo kaitik San Telmo Plataformara bitarte Errezel Horma bat altxatzea pentsatu zuen eta horrela Villaturielek hasitako itxitura osatzea, baina arazo ekonomikoak tarteko, ezin izan zuen proiektua amaitu eta harresia Santa Teresa komenturaino iritsi zen.
Ingeniariek, gobernatzaileek, auzokoek, erlijiosoek eta Udalak urteak eta urteak eman zituzten Mendia ala Hiria indartu behar ote zen eztabaidatzen, baina ez zuten proiektua gauzatu, hainbat gotorleku eraikitzen eta kanpoko gotorlekuak sendotzen jardun baitzuten. Bien bitartean, gaztelua alde batera utzi zuten eta 1688. urtean tximista batek suntsitu egin zuen eta Hércules Torrelli ingeniariari deitu zitzaion berreraiki zezan. Torrellik 1691. urtean aurkeztu zituen planoak, baina laguntza ezagatik proiektua amaituko ez zuela ikusirik, Donostiatik joan zen handik gutxira.
1719. urtean Frantziako armadak hiria indarrez hartu zuenean, gotorlekuen babes-gaitasuna oso ahula zela egiaztatu ahal izan zuten; eta horregatik eraberritzeko eta sendotzeko lan ugari egin zituzten, Torrelliren proiektuei jarraiki.
Mendearen amaieran jasandako erasoen, eta batez ere, 1813ko setioaren ondorioz, gotorleku berri bat eraikitzea alferrikakoa zela ikusi zuten, eta zegoena eraistea gomendatu zuten. Nolanahi ere, 1863ra arte ez zen eraitsi, hain zuzen ere, harresiak behin betiko eraitsi ziren garaira arte.
Horren ondorioz, hiria babesik gabe geratu zen eta horregatik, Urgullen goialdean gotorleku bat egitea erabaki zen: bolborategiak, zaintza-postuak, biltegiak, militarrentzako ostatuak eta abar. Hala eta guztiz ere, indartze-sistema horiek berehala zaharkitu ziren eta mendearen hasieran bertan behera utzi zituzten, oraingo honetan betiko.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: