Museoa 1900. urtean sortu zen, Sociedad Económica Vascongada de Amigos del País sozietateak proposatuta. XIX. mendearen amaieran Donostian erakusketak egin zituzten eta arrakasta handia izan zutenez, aipatutako sozietateak Udal Korporazioari proposatu zion Donostian Udal Museo bat eraikitzea. Museoak hasieran aurrekontu-partida oso txikia zuen eta ezinezkoa zen balio handiko erosketak egitea; beraz, egoera hori ikusita, José Machimbarrena alkateak deialdi bat egin zien donostiarrei eta, horri esker, herritarrak ekarpenak eta deposituak egiten hasi ziren. Horrela lortutako lehen objektu horiekin eman zitzaion hasiera Museoari.
1902ko urriaren 5ean Museo Historiko, Artistiko eta Arkeologikoa inauguratu zuten eta museoaren lehenengo egoitza Andia eta Garibai kaleen elkargunean zegoen. Pixkanaka-pixkanaka, museoa sendotzen hasi zen erosketa berriei eta partikularren ekarpenei esker. Berehala, lokala txiki geratu zen eta, 1905. urtean, Udala eraikin bat altxatzen hasi zen Arte eta Lanbide Eskola, Udal Liburutegia eta museoa batera jartzeko. Eraikin berri hori Urdaneta kalean eraiki zuten Domingo Aguirrebengoa arkitektoaren diseinuari jarraiki eta 1911n inauguratu zuten.
Museoa etengabe handitzen ari zen eta tokirik gabe geratu ziren berriz ere. 1932. urtean, beste leku batera aldatzeko aukera aztertzen hasi ziren: kasu honetan, San Telmoko komentu domingotarrera. Izan ere, hiriko Udalak erosia zuen eraikina eta horretarako prestatzen ari zen.
Inauguraziorako, 1932ko irailaren 3an, José María Sert margolariari eskatu zitzaion elizako hormak estaltzeko. Horretarako, 17 mihise egin zituen Parisen, lausodurak erabiliz eta metalezko hondo baten gainean. Mihise horietan Gipuzkoaren bizitza eta historia modu heroikoan eta hanpatuan kontatzen duten hamaika eszena azaltzen dira: Gipuzkoako jendea, haien balentriak eta sinesmenak.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: