|
|
Argia taldeak, herriz herri egindako landa-lanaren bidez, desagertzear zeuden dantzak, musikak eta jantziak berreskuratu zituen, eta ikerketa lan hori funtsezkoa da egungo euskal dantza ulertzeko. “Argiaren itzala”k bidai horretan murgilduko zaitu eta erakutsiko dizu zein izan zen San Telmo Museoaren papera ibilbide horretan.
Gaur egungo euskal dantza, bere egoera eta azken 60 urteetako bilakaera ezin daitezke ulertu Argia gabe. Marian Arregiren eta Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean 60ko hamarkadatik gaurdaino Argiak egindako lanak dantzaren geografia zabaldu du, koreografia, dantza-era, pausu, doinu, erritmo edo jantzi berriak dantza taldeen errepertorioari eta euskaldunon imajinarioari gehituz.
Herriz herri egindako landa lanak betiko galtzear zeuden hainbat dantza, doinu zein janzkera ahanzturatik erreskatatu zituen eta agertokietan azaldu, ondoren herrira itzultzeko. Dantzak mugimenduan dauden sinboloak direla ulertzeak aldaketa handia ekarri zuen beren begiradan eta lan egiteko moduan; dantza haiek aztertzeari eta ikertzeari aparteko garrantzia eman zioten aurrerantzean.
Hori guztia San Telmo Museoaren babesean sortu zen, elkarlanean, taldeari egoitza eta ikerketarako museoko materialak eskainiz. Museora Jorge Oteiza, Ez Dok Amairuko partaideak eta oro har, 60ko eta 70eko hamarkadetako euskal kulturaren biziberritzearen sustatzaileak gerturatzen ziren. Hala, Argiaren entseguak ideia berrien laborategi bilakatu ziren. Laborategi hartan landutakoak, euskal dantzaren ekosistema eraldatu eta biziberritu zuen guztiz, gaurdaino.
“Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu". Hitz horiekin laburbildu zuen J.A. Urbeltzek hurrengo urteetan Argiak burutuko zuen lanaren zioa, hau da, iturrietara jotzea, 1966an Rikardo Arregik Zeruko Argia aldizkarirako egindako elkarrizketan.
Ikusgai jarri diren piezen artean, Argiaren funtsetako dantzarako tresnak, arropak eta garaiko irudien artxibo handia daude. San Telmok bere bildumako hamabost bat pieza jarri ditu, tartean Darío de Regoyosen margolan bat. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko eta Udal Liburutegi Nagusiko maileguak eta artxibo partikularretatik etorritako pieza, liburu eta dokumentuak ere biltzen ditu erakusketak.
Antolaketa eta ekoizpena: Ane Albisu, Iñaki Arregi eta Mikel Urbeltz (Argia Dantza Taldea), Frantxi López Landatxe, San Telmo Museoa
Erakusketan murgiltzeko jarduera sorta anitza egongo da: hitzaldi eta solasaldiak (Oier Araolaza,Telmo Esnal, Elena Cajaraville, Mikel Urbeltz, Itziar Otamendi), familientzako dantza tailerrak( Monika Bañales eta Itziar Otamendi Argiako kideak), helduentzako jantzi tailerra (Ane Albisu) eta bisita gidatuak (Argiako kideen eskutik).
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2026 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: