NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Makurtu

Xare Alvarez Berakoetxea da Artea abian proiektuaren bosgarren edizioan parte hartuko duen artista. Bere ibilbidea eskulturaren esparruan garatu da. Objektuak eta materialak metatzeko eta biltzeko ariketa batetik abiatuta, horiek denak manipulazio, jabetze eta testuingurutik ateratzeko prozesuen mende jartzen ditu.

  • 2024ko maiatzaren 25etik abuztuaren 25era
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00
  • Laborategian
  • Doako sarrera

Katalogoa

Honela deskribatzen du Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak erakusketa hau katalogoko testuan:

“Hamarkada dezente pasatu dira eskulturak aldareari uko egin eta objektu beregain bilakatu zenetik, espazioarekiko harremanean erabateko askatasunez agertzeko. Aspaldi alboratu zuen bere asmo narratiboa ere, alderdi mental edo sentsorialak azaleratuko zituzten beste mundu batzuk ezagutarazteko. Autonomia bikoitz horretaz baliatuz, Xare Álvarez Berakoetxeak zorutik, hormatik eta sabaitik agerrarazten du bere obra —botata, bermatuta, herrestan, zintzilik—, eta, hizkuntza abstraktu baten bidez, organikotasunari buruzko kontzeptuen unibertso bat zabaltzen du.

Artistaren beraren lan-metodologiak ere prozesuaren organikotasuna biltzen du, zeinean, geruzen moduan, elkarren jarraian ageri baitira materialen elkartzea, eraldatzea eta osoko irakurketa baterako azken proposamena.

Makurtu erakusketan, artelanak beren kabuz existitzen dira, autonomiaz arnasten dute, baina, haien artean sortzen diren loturei esker, areagotu egiten da proposamenaren ahalmen iradokitzailea. Muntaketa adierazgarri baten bitartez, Xare Álvarezek ekosistema misteriotsu bat eratzen du, zeinean obrak elkarrekin erlazionatzen baitira organismo bizi batek iragartzen duen mugimendu gorabeheratsuaren bidez.

Zintzilik jarritako metalezko trazuak oihal zirtzildu baten litsak balira bezala marrazten dira airean. Haien eraikuntzan argi ikus daitezke aluminio urtuaren azpian ezkutatzen diren sokak, zeinetan korapiloak bata bestearen atzetik erortzen baitira kiribilean.

Antzeko moduan, ehunen bilbe zakarrak dira hormetatik irteten diren piezen funtsa. Haien zuntzen memoria termikoak bizirik dirau autoreak aurkitutako tolesdurak mantentzen dituen metal batean. Kurbaz eta kontra-kurbaz sortutako joko hau guztia osatzeko, artistak kaligrafia bigun eta bihurgunetsu bat barreiatzen du oihaletan eta marrazkietan, non uretako naturaren erritmo moduko bat nabari baita, algen kulunka geldoa edota, beharbada, garro batzuen harat-honata gogorarazten duena (...)”.

Xare Álvarez

Xare Álvarez Berakoetxea (Donostia, 1990) Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUn eta École Nationale Supérieure des Beaux Arts-en (Paris). Duela gutxi, hainbat beka eta sari jaso ditu, hala nola INJUVE gazteen sorkuntzarako laguntzak, Guggenheim Bilbao Museoaren EGINBERRI beka, TBK-CAC La Synagogue de Delme truke-erresidentzia edo Gipuzkoako Artista Berrien Programaren ohorezko aipamena. Erakusketen artean nabarmentzekoak dira Nudo, Urdimbre, Hilván, La Taller (Bilbo, 2023); Pulso, Altxerri Galeria (Donostia, 2022); Baginen bagara, San Telmo Museoa (Donostia, 2021); Un momento atemporal, Tabacalera (Madril, 2020); Canon, Sala Amadís (Madril, 2019); BiDosTwo, Azkuna Zentroa (Bilbo, 2018); Eginberri, Guggenheim Bilbao Museoa (2017); Orsal, Bel Ordinaire (Pau, 2017); Guéoir, Atelier del CAC La Synagogue de Delme (Delme, 2016); eta 15/32, Koldo Mitxelena Kulturunea (Donostia, 2016).1

Artea abian

2019an martxan jarritako ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Proposamen honek Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta laurogeiko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: