San Telmo Museoak bat egiten du argazkilari donostiarraren lanari egiten ari zaion aitortzarekin, eta Kutxa Fundazioak Artegunean aurkezten duen atzera begirakoarekin bat eginez, Laborategian Isabel Azkaratek galeria eta museoetako gaien inguruan egindako argazkiak biltzen dituen erakusketa aurkeztuko dugu.
San Telmo Museoko eta Arteguneko bi erakusketetan ikusgai dagoen argitalpen antologikoa Blume argitaletxeari eta Photographic Social Vision fundazioari esker argitaratu ahal izan da, Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren laguntzarekin.
"Isabel Azkarate Euskal Herriko lehen emakume fotokazetariaren erakusketa hau hiru serie tematikoz osatuta dago, eta hirurak josten dituen haria gizakiak artearekin duen lotura estua da.
Artezale amorratua eta mota guztietako kultur jardueren kontsumitzaile porrokatua izaki, panorama artistikoa lehen lerrotik bizi, gozatu eta dokumentatu izan du, beti, argazkilariak, pasioz eta irrikaz. Bere argazki-artxiboan, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan izandako ekitaldi ugari aurki daitezke, eta gure mugen barruan eta kanpoan oso ezagunak diren artisten erretratuak ikus ditzakegu.
Bere kamera, gainera, Euskadin adierazpen askatasuna eta identitatea goraipatzen zituen indar handiko mugimendu kontrakultural baten jaiotzaren lekuko izan zen, trantsizio politiko betean. Horregatik, hemen ikusgai dagoen lehen serieko erretratuetan euskal kulturan oso esanguratsuak diren artisten espiritu sortzailea nabarmentzen da. Margolariak, eskultoreak, idazleak, musikagileak eta zinemagileak; Isabelekin esperientziak eta ezinegonak partekatutakoak, intimitate eta konplizitate sakoneko argazkiak haiekin ateratakoak.
Publikoaren eta artelanen arteko elkarreragina da bigarren seriearen oinarria. Adin, genero eta mota guztietako jendeak erreakzioa izaten du artelan garaikideen aurrean eta, batik bat, emakumezko gorputzaren irudikapen hiperrerrealisten aurrean. Argazkilariaren begi ironiko eta ausartak sistematikoki erregistratzen ditu keinuak, pertsonaia anonimo horien nortasuna agerian uzten duten keinu espontaneoak. Irudi horiei so eginez, behatzen ari ziren bitartean behatuak izan diren pertsonak behatzeko aukera dugu: zirkulu voyeuristiko ederra.
Hirugarren seriea New Yorken ateratako argazkiak dira, 80ko hamarkadakoak. Gaur arte sekula ikusgai jarri gabeko seriea da: Amerikako Historia Naturaleko Museoaren biltegietan gordeta zeuden amerindiarren eta afroamerikarren bustoak, igeltsuzkoak edo egurrezkoak. Gizaki ahaztuak, isilduak, baita biluziak ere, estigma bikoitza jasanez bizirauten zutenak: alde batetik, arrazializatutako estatubatuarren komunitate bat irudikatzen zuten, herrialdearen historia ofizialeko bigarren mailako protagonistak; eta, bestetik, irudikapen zaharkitua eta politikoki okerra izaki, museoaren diskurtso at geratu ziren. Figura adierazkor horiek Isabelen begirada enpatikoaren eraginpean jarrita, ordea, badirudi ahotsa goratzen dutela galdutako duintasuna berreskuratu nahian.
Photographic Social Vision fundazioa Azkarateren ondarea ikertzen ari da 2020. urteaz geroztik, artistaren ordezkari den aldetik, eta hiru argazki-serieak ikerketa-lan horren ondorio izan dira. Azkarateren obrari esker –egun berrikusi ostean–, XX. mendearen azken hamarkadetako kultura bisualean nonahi agertu diren irudikapenak, korronte nagusitik at dauden zenbait kolektiboren rudikapenak osatzeko eta, era berean, zalantzan jartzeko aukera ere badugu."
Silvia Omedes, erakusketaren komisarioa.
Kutxa Fundazioak Isabel Azkarateri buruzko atzerabegirako erakusketa bat antolatu du Donostiako Tabakalera eraikineko Artegunea aretoan 2023ko abenduaren 2tik 2024ko otsailaren 25era bitarte, eta San Telmo museoko Isabel Azkarate. Arte eta parte erakusketa hau aurrekoaren osagarri da.
Antolaketa eta ekoizpena: San Telmo Museoa
Laguntzailea: Kutxa Fundazioa
Ikusmen urritasuna dutenek areto testu egokituak deskarga ditzakete sakelekora erakusketa bisitatzeko, Begiris Elkarteari esker.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: