"Garuna(k)" erakusketak organo liluragarri horri buruzko artista garaikideen artelanak eta proiektu zientifikoak biltzen ditu. Ezagutzen dugun objekturik konplexuena eta maila zientifikoan zein filosofikoan zalantza gehien sortzen dituena da garuna.
Material historiko, zientifiko eta artistiko horren bidez, erakusketak esperientzia kontzienteaz dugun ulermena zalantzan jartzen du, eta arteak, zientziak eta filosofiak historian zehar garuna nola aztertu eta irudikatu duten aztertzen du.
Zientzialariek, filosofoek, poetek eta artistek mendeak daramatzate garunaren egitura, funtzioa eta bilakaera aztertzen eta zalantzan jartzen. Ramón y Cajalek burmuineko arkitekturaren oinarrizko unitatea neurona zela jakin eta ehun urtera, aurkikuntzen erritmoa bizkortzen joan da eta zientziaren eta filosofiaren arteko lotura berriak ezartzea ahalbidetu du.
Baina, komunitate zientifikoak inoiz izan den materia grisaren maparik zehatzena definitu badu ere, garunaren funtzionamendua ezezaguna da oraindik: zergatik daude burmuinak? Nondik dator kontzientzia? Eta sormena? Zer gertatzen da burua gaixotzen denean? Sor al daitezke makina adimendunak? Zer ikas dezakegu inurrien adimen kolektibotik?
Erakusketak, hiru eremutan egituratua – Materia, Adimena eta Beste adimen batzuk –, garunaren anatomian zein horrek sortzen duen guztian barneratzen gaitu: kontzientzian, pentsamendu abstraktuan, hizkuntzan, irudimenean, ametsetan edo memorian. «Garuna(k)»ek gizakiaz haraindiko beste adimen batzuk ere aztertzen ditu: adimen artifizialak, animalienak eta kolektiboak eta burmuinik gabeko organismoenak.
Antolaketa: San Telmo Museoa
Centre de Cultura Contemporània, Bartzelona; Fundación Telefónica, Madril; eta Wellcome Collection, Londresen arteko elkarlana.
Komisarioak: Emily Sargent eta Ricard Solé
Museoak erakusketarekin lotutako jarduera egitarau zabala antolatu du: hitzaldiak, argazki-liburu saioak, familientzako jarduerak, bertso saioa edo kontzertu interaktiboa, besteak beste.
Youtubeko erreprodukzio zerrenda honetan aurkituko dituzu erakusketa honekin egongo diren hitzaldien emanaldiak, eta, baita ere, azken urteetan museoan gai honekin lotuta egin ditugun beste hainbat hitzaldi ere.
Ikusmen urritasuna dutenek areto testu egokituak deskarga ditzakete sakelekora erakusketa bisitatzeko, Begiris Elkarteari esker.
Hezkuntza-maila ezberdinetara egokitutako bisita gidatuak eskainiko dira. Ibilbide hauetan giza gorputzaren organo garrantzitsuenetako bat aztertuko dute, garuna.Esperimentu txikien bidez gure garuna proban jarriko dute ikasleek, beste buru batzuek nola funtzionatzen duten ikusiko dute, baita adimen artifiziala noraino iristen den ere.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2026 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: