NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Hemen dragoiak daude

Artea abian programak sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa garapen fasean dauden artistei bultzada emanez. Hala, Mikel Otxotekoren lana ikusteko aukera izango dugu aurten erakusketa honetan.

kus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoa biltzen dituen ikerketa artistiko honek St.Pierre et Miquelonen erabakigarriak izan diren faktoreak aztertzen ditu.

  • 2023ko irailaren 20tik 2024ko urtarrilaren 7ra
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00 (azaroaren 1etik aurrera: 10:00-19:00)
  • Laborategian
"Cañaveral" (2023) bideoko fotograma
"Coloso" (2023) bideoko fotograma
"Cutty sark pabilioia" (2022) bideoko fotograma

Katalogoa

Hic sunt dracones (Hemen dragoiak daude) antzinako itsas kartografian erabiltzen zen esamoldea da. Honekin, ezezaguna den orok dituen arriskuez ohartarazten zituzten nabigatzaileak. Hala, mapetan, Ternua, ofizialki oraindik ere herensuge ezkatadun bat bezala agertzen zen.

Hala ere, ur hotz eta urrun haietan euskaldunek bakailaoa harrapatzen zuten eta sasoi baterako kokaleku txikiak ezartzen zituzten XVI. mendearen amaieratik; Saint-Pierre et Miquelon uharteetakoa kasu. Era berean, bakailao gazitua elikagai nagusia izan zen hurrengo mendeetan Karibeko azukre-kanabera plantazioetan aritzen ziren milaka langile esklaboentzat, bereziki Puerto Ricon.

Gaur egun Frantziako itsasoz bestaldeko lurraldea den St. Pierre portua, hainbat nazionalitatetako marinelek erabili zuten. 1971n, artean, euskaldunak eta galiziarrak kontsultategi txiki batean artatzen zituzten. Bertan egiten zuen lan Margarita Olazabal erizain gazteak: nire amak.

Gehiegizko arrantzaren ondorioz, harrapaketak bat-batean gutxitu egin ziren eta horrek Ternuako arrantza eremuak ixtea eragin zuen. Margarita 1975ean itzuli zen Donostiara, Super-8an grabatutako hainbat ordu berarekin zekartzala. Grabazio horietan, uharteko bizitza islatzen zuen; ingurumenarentzat, biztanleen bizimoduarentzat eta elikadura-subiranotasunarentzat itzulerarik gabeko une historikoa.

Erakusketa hau uharte hauetan kokatzen da berrogeita hamar urte geroago. Egun, biztanle horiek, nola biziraun bilatzen ari dira beren lurralde txikian isolatuta eta ia ahaztuta.”

Mikel Otxoteko

Mikel Otxoteko

Mikel Otxoteko Donostiako artista eta ikertzailea da. Nazioarteko aipamena jaso zuen Audiovisual Arts and Neo-materialism doktore-tesiarekin, Manuel DeLanda zinemagileak New Yorkeko Pratt Institute of Art & Design-en ikertzaile bisitari gisa egindako gonbidapenarekin. Dance & Drill edo Algunos cabos sueltos bezalako ikerketa proiektu artistikoak garatu ditu, proiekzioetan eta erakusketetan gauzatuz Toulouseko Musée d’Art Contemporain Les Abattoirs, Valentziako Centre del Carme Cultura Contemporánea edo Londresko The Rag Factory bezalako lekuetan. Bere azken film dokumentala, Invierno (2019), Bilboko Zinebi, Cinespaña eta Toulouse-ko zinemaldietan ikusi ahal izan da. Hemen herensugeak daude proiekturako ekoizpen artistikoko egonaldiak egin ditu Saint-Pierre et Miquelon eta Puerto Rico uharteetan, Itsasertzeko Ikasketen Diziplinarteko Zentroak eta Sea Grant Programak (biak Puerto Ricoko Unibertsitatekoak), eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.

Artea abian

2019an martxan jarritako ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Proposamen honek Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta laurogeiko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: